Hitzordua azken urteotan azaroan lehiatu bada ere, beranduago egitea erabaki dute antolatzaileek. Izen-ematea zabalik dago.
Berrikuntza nabarmen batekin dator aurten Manuel Mateos atleta zena gogoratzeko lasterketa herrikoia. Izan ere, proba azkenaldian egin izan ohi den data aldatzea erabaki dute hitzordua antolatzeaz arduratzen diren Deba Xtreme Kirol Taldeko kideek. Lasterketa, hasiera batean, azaroan egitea aurreikusita zeukaten, baina, data horietarako iragarrita “zegoen proba kopuru handia” ikusita, urtarrilera atzeratzea erabaki zuten. “Parte hartze handiagoa ziurtatzeko asmoarekin, urtarrilaren 21ean egingo dugu lasterketa”.
Aurtengoa lasterketaren hamargarren edizioa izango da eta, ohi modura, 16 urte beteta dituzten korrikalariek parte hartu ahalko dute bertan. Antolatzaileek aurten ere dozenaka atleta batzea espero dute eta, jakitera eman dutenez, zabalik dago izen ematea ere. Parte hartzeko interesa daukaten korrikalariek, zehazki, Herrikrosa atariaren bitartez izena eman dezakete. “Internet bidez aurretiaz izena ematen dutenek 14 euro ordaindu behar dituzte”.
Aldats pilotaleku paretik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ibilbidea erabat laua dela azpimarratu dute
250 parte hartzaileko muga ezarri du antolakuntzak eta, jakitera eman dutenez, izen ematea proba egunera arte zabalik egongo da, aurretik muga hori gainditzen ez bada behintzat. “Izena emateko web orria erabilgarri egongo da lasterketaren egunera arte; plataforma irekita egongo da proba hasi baino 30 minutu lehenago arte. Hori bai, parte hartzaileek, kasu horretan, 18 euro ordaindu beharko dituzte”.
Dortsalak hilaren 21ean jaso beharko dira. 10:00etatik aurrera, Aldats pilotalekuan egongo dira dortsalak banatzen eta nabarmendu dutenez, aurrealdean jarri beharko dira nahitaez, “ondo ikusteko moduan”. Proba herrikoia, berriz, 11:30ean hasiko da, eta pilotaleku paretik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ibilbidea erabat laua dela azpimarratu dute. “Parte hartzaileek zumarditik zehar prestatu dugun zirkuituari bi bira eman beharko dizkiote lehendabizi eta, amaitzeko, beste bira motzago bat osatu beharko dute”.
Urtero legez, sariak egongo dira lehenengo sailtzen diren hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat: irabazleei garaikurra eta 200 euro banatuko dizkiete, bigarrenei garaikurra eta 100 euro eta hirugarrenei garaikurra eta 75 euro. Ohi modura, lehen postuan helmugaratzen den herritarrarentzako zein beterano azkarrenarentzako ere sari berezia egongo da. Parte hartzen duten guztiek kamiseta bat jasoko dute oroigarri eta hainbat opariz osatutako zozketan parte hartzeko aukera ere izango dute. Aldez aurretik izena emanda dauden artean, gainera, 100 euroko bi sari ere zozkatuko dituzte.