Bilera irekia deitu du Zuhatza-Kolore Anitzek

Berriketan 2023ko abenduaren 29a

Bilera datorren asteazkenean (urtarrilak 3) izango da, 16:30ean, aisialdi taldeak Osio kalean duen lokalean. “Edonor” dago hara gonbidatuta, begirale titulua izan ala…

Bilera datorren asteazkenean (urtarrilak 3) izango da, 16:30ean, aisialdi taldeak Osio kalean duen lokalean. “Edonor” dago hara gonbidatuta, begirale titulua izan ala ez.

Zuhatza-Kolore Aisialdi Taldeko kideek jakitera eman dutenez, ahalegin berezia egin nahi dute taldea sendotzeko eta indartzeko . “Gaur egungo egoera kaskarra ikusita, taldea sendotzeko beharra ikusten dugu; partaide berriekin indartu nahi dugu gure dinamika”. Eta, xede hori lortzeko asmoarekin, bilera ireki bat antolatu dute urtarrilaren 3rako. 16:30ean izango da hitzordua, aisialdi taldeak Osio kalean, Gaztelekuaren gaineko solairuan, duen lokalean.

Iragarri dutenez, topaketaren asmoetako bat da “indarberrituta” itzultzea udalekuetara. “Ilusioz egiten dugu lan, herritik eta herriarentzat. Ekintza ezberdinak antolatzen ditugu urte osoan, borondatez aritzen gara, eta udalekuetara indarberrituta itzultzeko asmotan gabiltza”. Taldean parte hartzeko asmoa edo gogoa duen edonori egin diote gonbidapena. “Aurrerantzean ere Debako haurrek euskarazko aisialdi eskaintza honetaz gozatzen jarrai dezaten, taldeak zure laguntza behar du. Begirale titulua izan edo ez izan, animatu eta etorri bilerara!”.