Autobusa antolatu dute Iruñean egingo den Palestinaren aldeko manifestaziora joateko

Dorleta Vidal 2025eko urriaren 1a

Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak Iruñeako manifestazioa aurkezteko agerraldian.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio nazionala deitu du larunbaterako (urriak 4) Iruñean, eta joan-etorria autobusean egiteko aukera izango dute eskualdeko herritarrek. Autobusa 09:30ean aterako da Debatik.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestazio nazionala deitu larunbatean (urriak 4), Iruñean. Antolatzaileen esanetan, manifestazioak bi helburu izango ditu: palestinar erresistentziari babesa ematea eta Israelen konplize diren gobernu, alderdi eta enpresak presionatzea. Ekimena Antoniutti parketik abiatuko da 12:00etan, eta Iruñeko etorbide nagusiak zeharkatuko ditu.

Bertara joan nahi duten eskualdeko herritarrek bidaia autobusean egiteko aukera izango dute, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatuta. Autobusa 09:30ean aterako da Debako pasealeku estalitik eta, ondoren, Mendaron (9:40ean), Eibarren (10:00etan) eta Ermuan (10:10ean) ere geratuko da. Mobilizaziora joateko txartelak Koska tabernan daude salgai, 10 euroren truke.