'Sukramarkus' emanaldia eta 'Teilatupean' antzezlana, Euskeraz Bageraren baitan

Izaro Aulestiarte Lete 2025eko abenduaren 19a

Maite Arroitajauregi 'Mursego'. Arg.: DENA FLOWS

Asteburu honetako kultur ekitaldiekin amaituko da aurtengo egitaraua.

Azaroaren 26an hasi zen Zuhatza Euskara Elkarteak, Debako Udalak eta herriko hainbat taldek elkarlanean osatutako Euskeraz Bagera zikloa. Eta, harrezkero hogei bat jarduera egin ostean, azken txanpan sartua da egitasmoa. Asteburu honetarako iragarri dituzte, hain justu, azken ikuskizunak. Helduentzat izango da bata, eta haurrentzat bestea.

Bihar (abenduak 20) Maite Arroitajauregi Mursego-k Sukramarkus aurkeztuko du Agirre jauregiko Ispiluen gelan, 18:00etan. Eibartarrak laburbildu bezala, funtsean Markos Gimenok sortutako palindromoen berrirakurketa librea da eta kontzertuak musika, performancea, umorea eta hizperimentuak uztartzen ditu. Debako Udalak Ispilu(h)ari izenburupean abiatutako programaren baitan egingo da ekitaldia, doan.

'Karteletrak'

Dena den, emanaldi horren aurretik, palindromo horien erakusketa ikusteko aukera ere egongo da, Musika Eskolako erakusketa gelan. Markos Gimeno (Ermua, 1974-2018) artista moldakor eta polifazetikoa izan zen; diziplina askotariko sortzaile aparta, hainbat genero jorratu zituena, hala nola pintura, musika, antzerkia eta literatura. Palindromoen formulazioan nabarmendu zen bereziki –ezkerretik eskuinera eta alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak–, diziplina horretan jarri baitzuen arreta bere bizitzako azken urteetan.

Debako Arte Eskolan aritu zen Gimeno, eta, hark sortutako lanekin batera, bertan ezagututako zenbait artistaren obrak ere bildu dituzte, besteak beste, erakusketan; bisitariak 56 kartel aurkituko ditu bertan. Karteletrak bihar arte egongo da ikusgai, 17:00etatik 19:00etara.  

Haurrentzako bertso antzerkia

Bestelakoa izango da Ispiluen gelak igandean (abenduak 21) hartuko duen ikuskizuna: Teilatupean. 17:30ean hasiko da 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako bertso antzerkia.  

Iraitz Lizarragak idatzi eta zuzendu du Teilatupean. Etxea gaitzat hartuta, hainbat gogoetagai proposatzen dizkio bertan ikusleari: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna...

Horiek horrela, Lizarragaren esanetan, "fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez pare topo egiten du eta haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira. Ekintza eszenikoaren bidez, aipaturiko gaien inguruko galderak planteatzen zaizkio publikoari, hausnarketarako bidea irekiz".

Hori guztia ondo uztartzeko, aktore lanetan diharduten Maren Basterretxeak, Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak bertsoak, koplak eta bestelako baliabideak uztartzen dituzte antzezlanean: txotxongiloak, argi-itzalen jokoak, objektuen manipulazioa, koreografiak...