Urtea korrika egiten amaitzea gustuko dutenek horretarako aukera izango dute Deban ere. Ohi bezala, Deba Xtreme Kirol Taldeko kideak arduratuko dira abenduaren 31ko proba antolatzeaz eta, jakinarazi dutenez, zabalik dago izena emateko epea. Interesa dutenek turismo bulegora jo beharko dute izena ematera. Azpimarratu dutenez, bezperara arte egongo da horretarako aukera.
Prezioari dagokionez, haurrek doan egin ahalko dute lasterketa, eta helduek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Nahi duten helduek probaren egunean bertan ere izango dute izena emateko aukera, baina, kasu horretan, 10 euro ordaindu beharko dituzte dortsala lortzeko. Gogorarazi dutenez, lasterketa eguneko 11:00ak arte egongo da izena emateko aukera.
Berritasunak
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, aurten, berritasun gisa, 12 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute 12:00etan Foruen Plazan hasiko den proba nagusian. Urtero bezala, parte-hartzaileek 5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute herritik zehar.
Aurretik, gainera, haurrentzako eta gaztetxoentzako probak lehiatuko dira Foruen Plazan. Hori bai, proba nagusian parte hartzeko gutxieneko adina jaitsi denez, hiru proba jokatu ordez bi izango direla azaldu dute. Honakoak: 11:30ean izango da HH4 eta LH1 bitartekoena (200 metro) eta, 11:45ean LH2-LH6 bitartekoena (500 metro).