Euskal Herriko hamaika antzokitan eta aretotan ibili ondoren, Lotura basatiak antzezlanaren bira amaierara iritsi dela jakinarazi dute Goaz Antzerki Taldeko kideek. 2023ko azaroan Deban estreinatu zuten performancea Fokupean festibalean eta, orduz geroztik, "hamasei plaza" zapaldu dituztela zehaztu dute antzezleek.
Abenduaren 27an borobilduko dute zikloa Deban bertan eskainiko dituzten azken bi emanaldiekin. Lehen emanaldia 18:00etan izango da eta, bigarrena, berriz, 19:30ean. Ama alaben arteko harremanaren konplexutasuna lantzen duen lanaren sarrerak Entradium atarian daude eskuragarri, 3 euroren truke. Egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango dela gaineratu dute. “Hitza, irudia, musika eta mugimendua bateratzen eta tonu desberdinak nahasten dituen –umorea, poesia, drama…– obra katartiko bat dakargu eszenatokira”.