Ohiturari jarraituz, urtarrileko lehen larunbatean (urtarrilak 3) Zoro Feria edo Urte Berriko Azoka egingo dute Deban. 09:30ean irekiko ditu ateak Foruen Plazan eta inguruko kaleetan gauzatuko den azokak eta, bertan, lehen sektoreko produktuak izango dira protagonista nagusiak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten berrikuntza garrantzitsuekin dator azoka, "jai-giroaren eta bertako ekoizpenaren aldeko apustuari eutsiz".
Hasieran espero zenaren kontra, azokan animali gutxi batzuk izango direla iragarri dute antolatzaileek; hori bai, hegazti gripearen ondorioz, hegaztirik ez dela egongo jakinarazi dute. Eusko Jaurlaritzak berriro debekatu ditu abere azokak dermatosi nodularraren gaineko arriskuak saiheste aldera, eta behirik eta antzekorik izango ez bada ere, zaldi batzuk eta beste animalia batzuk egongo direla aurreikusi dute. "Animalia gutxi batzuk egongo dira ikusgai. Deba eta inguruko hainbat animalia egoteko aukera izango dela espero dugu, baina ez beste urteetan bezain beste".
Berrikuntzak
Berritasun gisa, sagarrekin egindako sukaldaritza tailerra ere egingo dela esan dute; ekimena publiko guztientzat irekia da. Aurtengoan, gainera, ezti elkarteak eztiari buruzko tailer bat ere eskainiko du.
Bestalde, pasealeku estaliko obrak direla eta, azokako gune hori Berasaluze Plazara lekualdatuko dela ere azaldu dute. "Beraz, azoka erdiguneko hainbat tokitan egingo da: Berasaluze plazan, Foruen Plazan, Plaza Zaharrean eta kioskoan", zehaztu dute. Bertan egongo dira salmenta postuak, erakusketa eta jarduerak.
Azokaren giroa osatzeko, artisautza postuak ere egongo dira ikusgai. Goizean, gainera, herriko musika talde ezberdinak eta dantzariak ariko dira kaleak girotzen. "Kalejirak, dantzak eta musika emanaldiak izango dira".
Lehiaketak
Era berean, ohiko fruta, barazki, ezti eta gazta lehiaketak ere antolatu dituzte azokaren baitan. "Berrikuntza gisa, lehen sailkaturarentzako 500 euroko sariak eskainiko dira, produktuen kalitatea eta ekoizleen partaidetza sustatuz".
Foruen Plazan horretarako apropos jarritako postuetan egingo den barazki eta fruta sariketa eta erakusketan, esaterako, izena emanda dauden baserritarrek parte hartu ahal izango dute. Azpimarratu dutenez, sarituko diren salgaiak “norberak landatutako frutak eta barazkiak” izan beharko dira. Parte hartzaileak 07:00etan hasi ahalko dira postuak jartzen eta horiek 09:00etarako prest egon beharko dutela jakinarazi dute, izan ere ordu horretan igaroko baita epaimahaia. 14:30erako jaso beharko da dena.
1.150 euro banatuko dituzte barazkien kategoriako sariketan eta beste horrenbeste frutaren kategoriari dagokionean: lehenengoari 500 euroko saria emango diote; 350 eurokoa bigarrenari, eta 300 eurokoa hirugarrenari. Postu onenari, gainera, 150 euroko saria emango diote.
Latxa edo Karrantzako ardi gaztak
Gazta sariketari eta erakusketari dagokionez, aldiz, lehiaketan parte hartzeko gaztak udaletxe azpiko arkupean aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 11:00etara bitartean. “Latxa edota Karrantzako ardi gaztak aurkeztu ahal izango dira, esne gordinez eginak eta gutxienez bi hilabetez helduak. Aurkeztutako gazta guztiak, gainera, Osasun Erregistroa duten gaztandegietan eginak egon beharko dira eta guztiek kaseina-plaka izan beharko dute, kontrola daitezen”.
1.100 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 500 euroko saria emango diote; bigarrenari, 350 eurokoa eta hirugarrenari, 250 eurokoa. Saritu gabeko Debabarrenako lehen gazta, berriz, 150 eurorekin sarituko dute.
Eskualdeko ezti lehiaketan parte hartu nahi dutenek, berriz, 09:00etarako postua prest eduki beharko dute udalak esandako lekuan. Antolakuntzak nabarmendu duenez, parte hartzaileek ezti berarekin betetako bi pote aurkeztu beharko dituzte. Lehiaketan aurkezten den eztia, nahitaez, eskualdean eta norberak ekoiztua izan behar du. Eta, zehaztu dutenez, gordina eta berotu gabekoa izan beharko da.
600 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 250 euroko saria banatuko diote; 200 eurokoa, bigarrenari eta 150 eurokoa hirugarrenari. Irabazlea aukeratzeko garaian eztiaren aurkezpena, hezetasuna, usaina eta dastamena baloratuko dira.
EGITARAUA:
- 09:00. Epaimahaiaren lanen hasiera.
- 11:00. Kalejira Kalez Kale txistulari taldearekin.
- 11:00. Ganadu feria kioskoan.
- 11:30. Musika Eskolako dantzarien emanaldia Aldats pilotalekuan.
- 12:00. Trikitilarien kalejira.
- 12:30 Musika Bandaren kalejira.
- 13:30. Urte Berri Azokako sari banaketa.