Has gaitezen hasieratik. Zergatik Mirande? Zerk sortu zizun haren obra eta ibilbidea aztertzeko interesa? Zein izan zen abiapuntua?
Bi errudun nagusi daude: Joseba Sarrionandia eta Joxe Azurmendi. Aurrenekoaren Ni ez naiz hemengoa irakurri nuen 15 bat urterekin; iurretarrak idatzitakoek idazlearekiko interesa piztu zidaten eta hura irakurtzen hasi nintzen, oraindik ere abandonatu ez nauen liluraz. Bigarrenaren Demokratak eta biolentoak irakurri nuen 20 urterekin, eta ohartu nintzen, Azurmendik dioen bezala, modernitatearen arazoa dela Miranderena, eta, ondorioz, euskaldun guztiontzat arazo izaten jarraitzen duela.
"Aldarrikatu nahi dut Miranderen askatasun artistikoaren alde beti paratu behar dugula"
Ia bi urte eman dituzu saiakera liburua argitara emateko. Nolakoa izan da sortze prozesua?
Beka liburua urtebetean argitaratzeko eginda dagoela kontuan hartuta, luzea, baina, aldi berean, frenetikoa izan da, ez bainion uzten gauzak aurkitzeari. Baina aurten ehun urte betetzen dira Mirande jaio zenetik, eta liburuaren argitalpena urtemuga honetarako opari ederra zela uste nuen.
Beka irabazi zenuenean, Miranderen obra hobeto ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi zenituela aurreratu zenuen. Eta horretarako, besteak beste, "pista bretoiari" segitzeko asmoa zenuela aipatu zenuen... Nondik hasi zinen? Zein iturritara jo duzu eta zer aurkitu duzu esparru horretan?
Ideia sinple batekin abiatu zen dena: askotan irakurria nuen Jon Mirandek bretoieraz idatzia zuela, baina testu horiek euskaratu gabe jarraitzen zutenez, irakurriak ez nituela ohartu nintzen. Hala, aurrez argitaratu gabeko hainbat idatzi aurkitu eta argitaratu genituen idazlearen heriotzaren 50. urtemugan, eta horrek eraman ninduen jabetzera Bretainiak eta bretoiek uste baino askoz garrantzi handiagoa izan zutela Miranderen bizitzan eta, batez ere, eboluzio ideologikoan. Hori izan zen Bretainiarekin nire lehen harremana, Padrig an Habask bretoiak lagundu baininduen horiek euskaratzen, eta, ondotik, bretoi askok lagundu naute Mirandek hango aldizkarietan eta artxiboetan utzitako pistak jarraitzen. Berrogeitik gora artxibo publiko eta pribatu arakatu ditut eta gehienak nazioartekoak dira.
"Ez dut uste euskal literaturak zentsura eta autozentsura handiagoa behar duenik"
Miranderi buruz asko idatzi bada ere, informazio eta argitaratu gabeko idatzi gehiago aurkitu dituzu. Zeintzuk dira aurkikuntza nagusiak edo harribitxiak?
Uf... ez ditut hemen aletuko egindako aurkikuntza guztiak, sobera ez luzatzeko, baina inportanteenak, bederen, aipatuko ditut: Jon Mirandek argitaratutako aurreneko idatziak aurkitu ditut; 1949an, oraindik jeltzalea zela EAJren Euzkadi Buru Batzarrarekin izandako gutun trukaketa; euskalgintzarekin izandako aurreneko polemika handia sortu zuen Liburu lizunetaz idatziaren aurreneko bertsioa; galdutzat jotzen zen Jon Miranderen aurreneko ipuina; Argentinako aldizkari nazi batean argitaratutako bi saiakera; Jon Mirandek Norbert Tauerri idatzitako protoipuin pornografiko bat, baita argitaratu gabeko gutun mordoxka bat ere...
Mirande euskal literaturaren berritzailea, Mirande nazia, Mirande pederasta, Mirande poeta jeniala, Mirande arrazista… Ezagutzen al dugu Mirande? Zer ondorio atera duzu?
Ez dugu ezagutzen, ezagutzeko ahalegin askorik ere ez baitugu egin, eta, ondorioz, ulertzen ez genuenez, epaitzea deliberatu dugu. Ez da sinestekoa gauza batzuekin daukagun kakao mentala: hamarkadak dira lekukotza eta gutunen bidez badakigula Mirandek pederastiarako aukera izan zuela eta uko egin ziola, eta horri lotuta pederastiaren kontra idatzi zuela publikoki eta pribatuki, eta, hala ere, idazlea eta obra berdintzen saiatzen direnek ez dute deus esan honi buruz. Pentsa nola gauden! Horregatik uste dut reset egin behar dugula Miranderi lotutako kontu askorekin, eta, alde horretatik, liburu honek hasiera berri bat izan nahiko luke harentzat.
Laudatua bezain kritikatua eta epaitua. Posible da egilea eta obra bereiztea? Hala behar luke?
Zaila da egilea eta obra bereiztea: egun batean, palestinar herriaren genozidio betean Quentin Tarantino ikusten duzu Israelgo armadarekin argazkiak ateratzen, eta kolpean ez daukazu gogorik orduantxe haren filmak ikusteko. Hala ere, gauza bat da euskal irakurleek beren erabateko soberanian Jon Miranderekin edo Quentin Tarantinorekin egin nahi dutena, eta beste bat euskal kritikariek eta ikerlariek egin behar dutena. Izan ere, Miranderen eta bere obraren artean norberak nahi dituen harremanak ezarrita ere, argi aldarrikatu nahi dut haren askatasun artistikoaren alde beti paratu behar dugula. Ez dut uste euskal literaturak zentsura eta autozentsura handiagoa behar duenik; zerbait behar izatekotan, askatasun handiagoa behar duela uste dut.
"Gabriel Aresti kenduta, esango nuke Mirande dela gure euskal idazle belaunaldiartekoena"
Ikerketa sakon eta zabala egin ondoren, nola ikusten duzu zuk gaur egun Jon Mirande? Hasieran bezainbeste interesatzen eta gustatzen zaizu?
Hasieran bezainbeste ez, gehiago interesatzen zait. Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta modernoagoa iruditzen zait Mirande. Haren garaiko beste euskaldunak baino gehiago? Noski. Esan nahi dut gu baino modernoago izaten jarraitzen duela, hura zein bere obra ulertzeko edo onartzeko ere oraindik ditugun ezintasunek argi frogatzen dutenez.
Nola laburbilduko zenuke hark euskal letrei egindako ekarpena?
Mirande oso gauza berezia da gure letretan; argi seduktore bat islatzen duen suziri humano eta artistiko bat, belaunaldiz belaunaldi liluratzen, maitemintzen eta haserretzen gaituena. Gabriel Aresti kenduta, esango nuke Mirande dela gure euskal idazle belaunaldiartekoena.