EAE osoko xakezale gazteen topagune bihurtu zen Deba

Egoitz Unamuno Loidi 2025eko abenduaren 26a

Debako Ispiluen gela xake jokalariz beteta.

San Roke Xake Klubak antolatuta Xake Festa egin zuten asteartean Deban 16 urtetik beherako xakezaleei zuzenduta. EAE osoko klubetatik etorritako 48 gaztetxok parte hartu zuten festan eta arratsalde ederra pasatu zuten elkarrekin.  

 

Arratsaldeko 17:00etarako gaztetxoz eta gurasoz betea zen Debako Ispiluen gela ederra eta Lukas Iruretagoiena xake epailearen gidaritzapean, jokatzeari ekin zioten 16 urtetik beherako Xake Festan izena eman zuten 48 gaztetxoek.

Atzo, EAEko hamabost herritatik etorritako xakezale gazteak batu ziren festan. Tartean ziren Urola aldetik etorritakoak (Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Zarautz), Debagoieneko herrietakoak (Oñati, Arrasate, Aretxabaleta), Durangaldekoak (Iurreta), Donostiakoak, Lasarte-Oriakoak, Gasteizkoak eta noski Debabarrenekoak: Debakoak (9), Soraluzekoak (1) eta Eibarkoak (5).  

Arratsalde osoan, guztira, 6 partida jokatu zituzten, bikoteak aldatuz, Suitzar erako modalitatean. Zortzirak aldera amaitu zen jokoa eta parte hartzaile bakoitzari sariak banatu ostean, elkarrekin argazkia aterata amaitu zen xakezaleen festa ederra. 

Tradizio luzea Deban 

Xake jokoak tradizio luzea du Deban. Hiru urte barru, San Roke Xake Klubak mende erdia beteko du. Hein handi batean, klubaren sortzaile eta gaur eguneko presidente den Lukas Iruretagoienaren lan nekaezina dago tradizio horren atzean. Iruretagoiena xakezale amorratua izan da gaztetxotatik eta urte luzetan nazioarteko xake epaile lanetan dihardu Euskal Herrian, estatuan eta beste herrialde batzuetan. Xake eskolak ere ematen ditu Donostiako bi ikastetxetan eta Deban bertan. Debako taldean bederatzi gaztetxo daude gaur egun. 

Hamabost bat urtez Deban xake topaketarik antolatu gabe egon eta gero, 2024an, antolaketarako taldea osatu eta antolatu zuten, berriz. Atzokoa, beraz, azken etapa honetako bigarren edizioa izan da. Aurrera ere antolatzen jarraitzeko asmoa dute Bejondeizula Lukas eta urte askotarako!