Debako San Silbestrea 2025, parte-hartze handiarekin eta giro onean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2025eko abenduaren 31

380 korrikalarik parte hartu dute proba nagusian. Mikel Agirrebeña eta Leire Olazabal izan dira azkarrenak. 

Deban ere korrika agurtu dute urtea. Gaur (abenduak 31) eguerdian jokatu den San Silbestre lasterketan dozenaka korrikalari elkartu dira. Lasterketa nagusia 12:00etan hasi da, baina, aurretik, haurren txanda izan da. Adinaren arabera banatuta, bi ibilbide egin dituzte umeek: HH4 eta LH1ekoek 200 metro egin dituzte korrika, eta LH2tik LH6ra bitartekoek, berriz, kilometro erdi.

Deba Xtreme Kirol Taldearen arabera, 380 parte-hartzaile izan dira 5 kilometro inguruko ibilbidea bete dutenak. Antolatzaileak pozik azaldu dira jendearen erantzunarekin; nabarmendu dutenez, iazkoa baino handiagoa izan da parte-hartzea, eta Debakoez gain, inguruko herrietako korrikalariak ere izan dira.

Gizonezkoetan, Mikel Agirrebeña izan da garailea. Hasieratik erritmo bizia ezarri du, lehen postuan atera da eta amaierara arte eutsi dio postu horri. Ziztu bizian osatu ditu ibilbidearen 5 kilometroak, eta nagusitasun osoz gailendu da. Emakumezkoetan, berriz, Leire Olazabal izan da helmugaratzen azkarrena. 

Parte hartzaileek giro alaian osatu dute ibilbidea, eta ohitura jarraituz, asko mozorrotuta aritu dira. Parte hartzaile batzuk banaka, beste batzuk taldean, baina guztiaren gainetik giro ona nagusitu da proban. Aurten, estreinakoz, 12 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izan dute, eta horietako hainbat izan dira. Herritar ugari elkartu dira korrikalariei animoak emateko.