Eguraldia alde izan ez bada ere, goiz-goizetik jendea gerturatu da Foruen Plazan zein inguruko kale eta plazetan jarritako postuetan kuxkuxeatzera eta erosketak egitera. Musikak eta dantzek lagunduta, jai giroa izan da nagusi eguerdira arte.
Ohi bezala, lehen sektoreko produktuek hartu dute protagonismo nagusia: fruta, barazkiak, gazta, eztia eta bestelako baserriko produktuak izan dira salgai. Eta, horrez gain, artisautza lanak, fruta-arbolak eta bestelako produktu ugari ere aurkitu ahal izan dira azokako postuetan.
Aurten berritasunak ere izan dira. Dermatosi nodularrara eta hegazti gripea ez hedatzeko, adibidez, animalien presentzia murritzagoa izan da. Hala ere, ardiak, ahuntzak, astoak, zaldiak eta pottokak ikusteko aukera izan dute kiosko pareko gunera bertaratutakoek. Gainera, sagarrarekin egindako sukaldaritza tailer bat antolatu dute, eta horrekin batera, eztiari eskainitako beste tailer bat ere izan da.
Sari banaketa
Azokaren baitan, fruta, barazki, ezti eta gazta sariketetako sariak banatu dituzte udaletxe azpiko arkupeetan. Ekoizleek aurkeztutako uztarik eta posturik ederrenak saritu ditu epaimahaiak, azokari amaiera emanez. Ispasterko Iparragirreko Ortua baserriarentzat izan da aurtengo posturik onenaren saria. Igor Letek, guztira, hiru sari eskuratu ditu; fruta eta barazki lehiaketetan ere saritu dute Ispasterko ekoizlea.
Honakoek jaso dituzte sariak:
- Fruta lehiaketa
- 1. saria (500 euro). Igor Lete. Iparragirreko Ortue baserria, Ispaster.
- 2. saria (350 euro). Urtza Sarrionandia. Iodiberria Goikoa Bekos baserria, Igorre.
- 3. saria (300 euro). Jose Antonio Elosegi. Oñatibitxiki baserria, Gabiria.
- Barazki lehiaketa
- 1. saria (500 euro). Karmen Etxeberria. Etxague Azpikoa baserria, Bergara
- 2. saria (350 euro). Igor Lete. Iparragirreko Ortue baserria, Ispaster.
- 3. saria (300 euro). Ezozi Etxeberria. Arizaga baserria, Soraluze.
- Gazta lehiaketa
- 1. saria (500 euro). Zabaleta Gaztandegia, Muniain.
- 2. saria (350 euro). Aizpea Elkartea, Olaberria.
- 3. saria (250 euro). Mausitxa baserria, Elgoibar.
- Ezti lehiaketa
- 1. saria (250 euro). Nagorre Dorronsoro, Deba (Zortziko eztia).
- 2. saria (200 euro). Jonathan Gambra, Bergara.
- 3. saria (150 euro). David Manso, Bergara.
Amaitzeko, Gabonetako III. Leiho, balkoi eta fatxada lehiaketako eta I. Erakusleiho lehiaketako sariak ere banatu dituzte. Honakoak izan dira irabazleak:
- Gabonetako III. Leiho, balkoi eta fatxada lehiaketa:
- 1. saria. Lurdes Abarrategi.
- 2. saria. Jagoba Uranga.
- 3. saria. Miren Zarranz
- Gabonetako I. Erakusleiho lehiaketa:
- 1. saria. Sagarmiña
- 2. saria. Burgoa botika.