Agirre Jauregitik agertu dira Ekialdeko Hiru Errege Magoak Debara

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 5a

Errege Magoak Deban izan dira gaur (urtarrilak 5); herritarren eta, bereziki, haurren ilusioa piztu du Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek iluntzean egindako bisitak. 

Aurreko urteetan ez bezala, gaurkoan (urtarrilak 5) Agirre Jauregiko plazatik abiatu da kabalgata. Kalean hotz handia ari bazuen ere, giro alaia eta magikoa izan da nagusi, Gabonetako ospakizunei amaiera emateko.

Kabalgata 18:30ak pasatxoan hasi da txapliguarekin. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Agirre Jauregiko balkoira atera dira plaza zuten jendetza agurtzera eta, ondoren, kalejiran ibili dira haiekin batera etorritako laguntzaileekin batera. Musika Bandak lagunduta, ekialdetik etorritako Errege Magoak etenik gabe aritu dira euren zain zeuden herritarrak agurtzen. 

Foruen Plazara iritsitakoan elkartu dira hiru Erregeak eta, ohiturari jarraituz, Gurutze kaleko jaiotza bisitatu eta Jesus haurtxoa gurtzeko tartea hartu dute. Ekitaldiari amaiera emateko, udaletxe azpiko arkueepetara joan dira eta han tartetxo bat partekatu dute bertaratu diren herriko umeekin. Haurrek azken uneko gutunak postontzian sartzeko aukera izan dute, eta Erregeek goxokiak banatu dizkiete, argazkiak ateratzen zituzten bitartean.