Aurten ere emakumeentzako pala ikastaroa antolatu dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 7a

12 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago ikastaroa eta, iragarri dutenez, otsailaren 5ean abiatuko da. Urtarrilaren 31 da izena emateko azken eguna. 

Aurtengoan ere, Debako Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak pala ikastaroa antolatu du, emakumeek kirol horretan trebatzeko aukera izan dezaten. Jakinarazi dutenez, 12 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dagoen jarduera otsailaren 5ean abiatuko da, baldin eta talde txiki bat eratzeko gutxiengo kopurua elkartzen bada. Iratxe Astigarraga debarra arduratuko da ikastaroa emateaz, eta zehaztu duenez, gutxienez sei pertsona beharko dira talde bat osatzeko. 

Ikastaroak ekainera arte iraungo du, eta bertan parte hartuko dutenek askotariko ariketen eta jolasen bidez palan trebatzeko eta hainbat teknika ikasteko aukera izango dute. Saioak ostegunetan egingo dira Aldats pilotalekuan, eta horretarako ordubeteko bi txanda antolatu dituzte: 19:00etatik 20:00etara izango da lehenengoa, eta 20:00etatik 21:00etara bigarrena. "Bi talde sortzea da asmoa. Batean, aurrez ikastaroa egin dutenak edota esperientzia dutenak elkartuko genituzke, eta, bestean, hasiberriak", adierazi du Astigarragak.

Ikastaroaren hileko kuota 25 eurokoa izango da, eta zabalik dago izena emateko epea. Horretarako azken eguna urtarrilaren 31 izango da. Parte hartzeko interesa dutenek 678 36 10 93 telefono zenbakira deitu edo mezu bat bidalita izena eman dezakete. Azpimarratu dutenez, emakumeen artean pala zaletasuna zabaltzea da ikastaroaren helburu nagusia. Horregatik, herriko emakume guztiak gonbidatu dituzte ikastaroan parte hartzera.