Aurreko urteetan deialdien harrera ikusita, Debako Gaztelekuko kideek esperientzia errepikatzea erabaki dute. Hori horrela, martxoaren 1ean jokatuko den 5 kilometroko lasterketan izena emateko epea zabalik dagoela gogorarazi dute. "Anima zaitezte! Aurreko urteetan giro ederra sortu izan dugu", adierazi dute.
Parte hartzeko interesa dutenek Lilatoiaren atarian bertan edo rockthesport.com webgunean eman dezakete izena. Otsailaren 17a da horretarako azken eguna, eta Gaztelekuko kideek izen-emate prozesuari buruzko argibideak ere eman dituzte. Azaldu dutenez, "prozedura erraza" da. Izena ematerakoan, Taldeak-Ordainketa indibiduala (Grupos-Pago invidividual) aukeratu behar da eta, ondoren, Taldekide berria-Nuevo componente de equipo aukeran klikatu. Zehaztu dutenez, atal horretan 20820D kodea sartu behar da.
Norbere datuak betetzeko atalean, bestalde, kamiseta Deban jaso nahi bada Eibarko Emakumeen etxea aukeratu behar dela ohartarazi dute. "Kamiseta Eibarren jasotzeko eskatzen baduzu, Debako Gaztelekura ekarriko ditugu, zuek bertan jasotzeko", erantsi dute.