Asier Blas Mendoza EHUko errektoreordearen hitzaldia izango da bihar Debako Kultur Elkartean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 14a

Argazkia: EHU

Arbil Elkarte Sozialaren ekimenez antolatutako hitzaldia 11:00etan hasiko da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gaur egungo mundu panorama hobeto ulertzeko gakoei buruz arituko da nazioarteko politikan aditua den hizlaria. 

Asier Blas Mendoza Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreordeak Eragile berriak, gatazka berriak: egungo mundu panorama izeneko hitzaldia emango du bihar (urtarrilak 15), 11:00etan, Debako Kultur Elkartean. Blas Politika eta Administrazio Zientziako irakaslea da EHUn eta nazioarteko politikan aditua ere bada. Arbil Elkarte Sozialak antolatu du solasaldia eta, horien  arabera, hizlariak gaiari buruzko ezagutza zuzena eta ikuspegi zorrotza du. "Azalpenak modu argian emateko gaitasuna du", nabarmendu dute, publiko zabalari zuzendutako saioa izango dela azpimarratuz.

Antolatzaileek azaldu dutenez, landuko den gaiak zuzenean eragiten dien erretiratuei ere eta, horregatik erabaki dute hitzaldia antolatzea. "Munduan bizi den egoerak gure ekonomian eragiten du: gure pentsioetan, ordaintzen dugun energian, segurtasunean eta gure seme-alaben eta biloben etorkizunean", adierazi dute. Horrela,  hitzaldira bertaratzen direnek gaur egun munduan zer gertatzen ari den eta zergatik gertatzen ari den ulertzeko aukera izango dutela gaineratu dute, gairen bueltan "galduta ez sentitzeko eta titular alarmisten menpe ez egoteko".

Bestalde, hizlariak berak jakinarazi duenez, biharko hitzaldian Mendebaldearen gainbeheraz ere jardungo du. Bere esanetan, maila globalean gertatzen ari dena azalduko du, dimentsio guztietan, "bereziki ekonomian, baina baita politikan, kulturan eta militarki ere". Aldaketa horien jatorria behar bezala ulertzeko, historian atzera begiratuko duela ere esan du, prozesu hori noiz eta nola hasi zen argitzeko asmoz.