Hutsik geratu da XX. Tene Mujika beka

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 13a

Bekaren historiari eta prestigioari eusteko, 2026 urteko beka eman gabe uztea erabaki du lehiaketako epaimahaiak.

Debako Udalak jakinarazi duenez, hutsik geratu da aurtengo Tene Mujika beka. Guztira, zazpi proiektu aurkeztu dira deialdira, baina epaimahaiak aurrez eskatutako irizpide guztiak ez dituztela betetzen ebatzi du. "Denak ziren printzipioz interesgarriak, baina denek zuten gabeziaren bat ere: baten bat ez zen egokitzen bekaren helburuetara, beste baten hizkuntza-maila ez zen egokia, besteren batzuk ez zeuden behar bezain garatuak...", zehaztu dute gaur (urtarrilak 13) kaleratutako oharrean.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela kontuan izanda, horrenbestez, eta bekaren historiari eta prestigioari eusteko, aurtengo deialdia hutsik uztea erabaki du Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta Euskal Herriko historia hurbilaz idatzitako lanak saritzea du helburutzat. Beka honi esker argitaratutako azken lanak honako hauek izan dira: Jon Artanoren Juana, Alaitz Melgarren Josefa, neskame eta Mikel Sotoren Mirande, herriminez, ezin-minez.

Iaz, Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri debarrek irabazi zuten saria. "Israel-Palestina auziaren aurrean izandako bilakaera" aztertzen ari dira eta Udalak iragarri duenez, lan hori amaitzen ari dira egileak.