Harrera ona izan du Kooperazio Taldearen elkartasun dendak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 16a

Aurten ohiko salmenta kopurua gainditu dutela azpimarratu dute; etekina bi egitasmo babesteko izango da.

Azken urteotan ohikoa den moduan, Kooperazio Taldeko kideek elkartasun denda zabaldu dute Eguberrietan, eta, azaldu dutenez, ekimenak harrera oso ona izan du aurten ere. Taldeko boluntarioek ontzat jo dute, eta, nabarmendu dutenez, ohikoa baino "zertxobait gehiago" saldu dute. Pozik daude arduradunak, eta denetarik saldu dela esan dute. “Batik bat, artisautza- eta elikagai-produktuak saldu dira. Kotoizko eta banbuzko galtzerdiak izan dira gure produktu izarra”, adierazi dute.

Beste urte batez, esker oneko azaldu dira egunez egun lanean aritu diren boluntarioekin eta dendara zerbait erostera bertaratu diren herritarrekin. Bide batez, denda bezala erabili duten lokalaren jabeen eta Ostolaza kalean biltegi bezala erabili duten espazioaren jabeen eskuzabaltasuna ere eskertu dute.

Jana eta eskola materiala

Jakinarazi dutenez, salmentekin lortutako dirua tokian tokiko erakundeekin batera egiten ari diren bi egitasmo laguntzeko erabiliko dute. Irabazien zati bat Ukrainara bidaliko dute, Txernobylgo zentral nuklearrak kaltetutako Orane herriko premiei erantzuteko. "Dirua hango ikasleen janaria finantzatzeko erabiliko da", zehaztu dute.

Gainontzeko irabaziak Maliko Togo eskualdeko Saint Paul eskolara bideratuko dituzte. "375 ikasle ditu eskolak, eta, diru horri esker, 2025-2026 ikasturteko janaria eta eskola materiala finantzatuko zaizkie", erantsi dute.