Debako Ispilu(h)ari kultur programak jarraipena izango du 2026an

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 16a

Debako Udalak haurrentzako eta helduentzako beste hiruna saio antolatu ditu urteko lehen hiruhilekorako. Iazko urrian abiarazitako programaren jarduerak, ohi bezala, hileko hirugarren asteburuan egingo dira, Agirre jauregiko Ispiluen gelan.

Debako Udalak jakinarazi duenez, 2026an ere jarraipena izango du Ispilu(h)ari kultur egitasmoak, euskararen erabilera indartzea eta herrian kultur transmisioa sustatzea xede duen programak. Udal ordezkariek azpimarratu dutenez, herritarrek aurrekontu parte-hartzaileen bidez proposatu eta aukeratutako ekimena da, eta urte osoan zehar kultur eskaintza egonkorra bermatzea du helburu.

Tokiko erakundeak egunotan aurkeztu ditu urtarriletik martxora bitarte programaren baitan bildu diren proposamenak. Ohiko bidetik, adinaren arabera bereizitako egitaraua osatu dute: alde batetik, 12 urtetik beherako haurrei zuzendutako jarduerak, eta bestetik, 12 urtetik gorakoentzako ekimenak. Aurreko hilabeetan bezala, saio guztiak Agirre jauregiko Ispiluen gelan egingo dira. Haurrei zuzendutako emanaldiak hileko hirugarren igandeetan izango dira, 17:30ean; helduentzakoak, berriz, hileko hirugarren larunbatetan, 18:00etan.

Helduentzako egitaraua

Bihar (urtarrilak 17) abiatuko da urteko lehen hiruhilekoko helduentzako zikloa. Antolatzaileek azaldu dutenez, umorea, konpromiso soziala, musika eta poesia uztartzen dituzten proposamenak bildu dituzte. Hasiera emateko, Zurrunka Teatroren Pulcinella Txio-Txinela txotxongilo ikuskizuna eskainiko dute. "Umorez eta erritmoz betetako pieza honek bizitzeko moduari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea, askatasuna, sormena eta benetakotasuna defendatuz, baita eguneroko zailtasunen aurrean ere", adierazi dute antolatzaileek. Emanaldia zuzeneko musikaz girotuko dute eta amaieran txotxongiloen inguruko solasaldia egingo dute.

Otsailaren 21ean izango da bigarren hitzordua. Oraingoan, Itzal(iko) bagina bertso-antzerkiaz gozatzeko aukera eskainiko dute, gaur egungo sistema indibidualistari kritika egiteko asmoz. Antolatzaileen arabera, generoa, osasun mentala edo familia bezalako gaiak ikuspegi kritiko eta poetikotik jorratzen ditu proposamenak. "Itzalak, proiekzioak eta kolorez betetako irudiak baliatzen ditu eszenaratze zaindu baten bidez".

Martxoaren 14an, Promesa berdina egin diegu lagun guztiei lanarekin emango diote amaiera hiruhilekoko programazioari.  "Poesia, performancea eta umorea uztartzen dituen ikuskizun honek bi aktore ditu protagonista, adiskidetasuna ikuspegi ezohiko batetik ospatzen dutenak, aurrez pentsatutako ideiak zalantzan jarriz eta ikusleen sentsibilitatea hurbiltasunez, kontraesanez eta galdera irekiez interpelatuz". 

Haurrentzako programazioa

Haurrei (12 urtetik beherakoak) eskainitako proposamenek, aldiz, kultura jolasean gozatzeko eta ikasteko aukera eskainiko dute. Igandean (urtarrilak 18) izango da lehen hitzordua Pulcinella Txio-Txinela ikuskizunaren haurrentzako bertsio egokituarekin. "Bertan, pertsonaia ezagunak txikiekin konektatzen du zuzeneko musikaren eta umorez betetako egoera samur eta dibertigarrien bidez".

Otsailaren 22an, berriz, Xabier Lizaso pianista Txuri beltza da ta...!  proposamena aurkeztera etorriko da Debara. Musika klasikoa, jolasa eta parte-hartzea uztartzen dituen saio interaktibo honetan, haurrek esperientzia dinamiko eta atsegin batez gozatzeko aukera izango dute.

Azkenik, martxoaren 15ean, Ekain Pailazoa izeneko ikuskizuna eskainiko du izen bereko artistak. "Zirku giroko ikuskizun honek malabareak, umorea eta publikoarekin interakzioa biltzen ditu, familian gozatzeko sorpresaz beteriko ikuskizun batean".