Rafael Bravo nagusitu da Pasaia Hiria lehiaketan eta Iparragirre Sarietan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko urtarrilaren 19a

Bi poesia-sari irabazi ditu Rafael Bravo Arrizabalagak (Arroa-Zestoa, 1950) oso denbora gutxian. Beste bi aitortza gehitu dizkio, hortaz, haren literatur sarien zerrendari. 

Batetik, Pasaiako Udalak antolatutako Xabier Portugal-Pasaia Hiria eta Pasaiako Hiria-Altamira Puente Olerki lehiaketaren 23. ekitaldian lehen saria eman diote, gaztelaniazko kategorian, Teoría del epílogo lanagatik; abenduaren 18an egin zuten sari banaketa ekitaldia, Trintxerpeko Udal Liburutegian. 

Bestetik, Iparragirre literatur sarietako bat ere lortu du. Mañana es todavía lanarekin nabarmendu da Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatutako lehiaketan, Poesia Erdaraz atalean. Elena Romanek, Jesus Maria Cormanek eta Felix Marañak osatutako epaimahaiak aukeratu du haren lana sariketara aurkeztutako lanen artean. Lehiaketaren irabazleak abenduaren 31n iragarri zituzten, baina, gaur-gaurkoz, ez dute zehaztu noiz banatuko dituzten sariak.   

Lan sarituak, argitara

Bravok 1.200 euroko diru saria irabazi du Pasaiako Hiria-Altamira Puente lehiaketan eta 650 eurokoa Iparragirre Sarietan. Horrez gain, bi deialdietan saritutako lanak liburu formatuan argitaratu ohi dituzte;  jada kalean da Teoría del epílogopoema sorta –Bermingham argitaletxea–, eta laster ikusiko du argia Mañana es todavía liburuak.