Kaldereroen kalejira prestatzeko entsegu irekiak egingo dituzte hilaren 24an eta 31n

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko urtarrilaren 22a

Azken urteotan bezala, Kaldereroek kalejira egingo dute aurten ere Inauterien atarian, zartaginak eta mailuak eskuan dituztela. Otsailaren 7rako jarri dute hitzordua, 19:00etan, Agirre jauregiko plazatik abiatuta. 

Aurrez, dena den, bi entsegu egingo dituzte: larunbatean (urtarrilak 24) izango da lehenbizikoa, eta hurrengo larunbatean (urtarrilak 31), bigarrena. Musika Eskolako dantza gelan egingo dituzte saioak, 11:00etan hasita.

Gure Kai Euskal Dantzari Taldeko kideek azaldu dutenez, kalejiran egingo dituzten kantak eta dantzak prestatzeko aukera izango da entseguetan –aurten sei abesti eta hiru koreografia izango dira guztira–. Saio irekiak izango dira, "nahi duten guztiek" parte har dezaten, eta herritarrei bertaratzeko dei egin diete antolatzaileek. Nolanahi ere, gogorarazi dute desfilean irteteko ez dela derrigorrezkoa entseguetara joatea.

2020az geroztik

Urte luzez galduta egon ondoren, 2020. urtean berreskuratu zen Deban Kaldereroen etorrera, eta urtez urte indarra hartzen ari da ekimena. Horren erakusgarri da azken urteotako desfileetan bildutako partaide eta ikusle kopurua. Seigarren aldi honetan ere, Gure Kairi, Udalari, Kalean Kantuzi, Aitzuri Abesbatzari, Debako Kontalariei eta, besteak beste, Musika eta Dantza Eskolako kideen laguntzari esker egingo da ikuskizuna.