Bernardo Atxagaren 'Enarak' izango dute hizpide Irakurketa Klubean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko urtarrilaren 26a

Argazkia: Bernando Atxaga Instagram

Urtarrilaren 28an, asteazkenez, egingo du urteko lehenengo saioa Ostolaza Udal Liburutegiko Irakurketa Klubak. 19:00etan elkartuko dira partaideak eta Asier Serrano idazle eibartarrak gidatuko du solasaldia, euskaraz.

Bernardo Atxagaren (Asteasu, 1951) Enarak eleberriaz (Pamiela) ariko dira hitzorduan. Urtain da liburuko protagonista nagusia; pintore profesional bat, "azkena". Arroagoia inguruko mendietan girotuta dago kontakizuna eta enarak ere hor daude, etengabe hegan segundoko hamar metro eginez. Bada, narrazio estilo arina eta ausarta baliatuta, eta enarak sinbolo iraunkor gisa hartuta, eleberriak intriga, umorea eta hausnarketa uztartzen ditu, artearen, nortasunaren eta denboraren joanaren inguruan.

Izen-ematea, aurrez

Debako Udalak gogorarazi duenez, Irakurketa Klubean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Interesa dutenek liburutegian bertan egin ahal izango dute izen-ematea aurrez aurre, baita telefonoz 943 19 25 60 zenbakira deituta edo ostolaza@deba.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita ere.