Idazleak aurreratu duenez, Japonian bertan ere aurkeztuko dute argitalpena, apirilean, ziurrenik, oraindik data zehaztu ez badute ere. Bien bitartean, "poz-pozik" dago idazlea, liburuak orain arte egindako bidearekin "gustura".
2023an aurkeztu zenuen Nadia Beltran de Lubianoren irudiekin osatutako album ilustratua, eta lanak bere bidea egiten jarraitzen du. Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez irakur zitekeen gaurdaino; orain, japonieraz ere bai. Nolatan?
Euskara eskolak ematen nizkion ikasle ohiaren izena [Hide] eta nirea elkartuz sortu nuen liburuko protagonista, Hideane, 11 urteko neskatxa japoniar euskalduna. Horregatik, Euskal Herriko kulturak eta Japoniakoak bat eginez, ipuina elkarlanean euskaratik japonierara itzultzea erabaki genuen.
Ipuina japonieraz kaleratzea erronka berezia izan da, ezta? Zuretzat amets bat zela aitortu izan duzu noizbait.
Bai. Ipuin kontaketak euskaraz eta japonieraz egitea amesten nuen, eta erronka horretan murgilduta gabiltza, esne-mamitan, poz-pozik! Lehenengo saioak Deban, Gasteizen, Bastidan, Bilbon eta Elgetako liburutegian egin nituen, Hiderekin. Azkenetan, berriz, Ryotaro [Ibai] eta biok aritu ginen, Lazkaoko Maizpiden eta Urueñako Kinari Books liburu-dendan.
Aurkezpen-ekitaldirik egingo al duzu Japonian?
Bai, hori da asmoa. Apirilean Japoniara bidaiatzea aurreikusten dugu; Ibai arduratzen da Tokion eta Yokohaman egingo ditugun aurkezpenak lotzeaz.
Liburuak beste hizkuntza batzuetan ere ikusiko al du argia? Aurrera begira, zer asmo duzu?
EHUko Erasmus taldean ditudan ikasleek beren ama-hizkuntzetara itzuli dute ipuina; hau da, frantsesera, galizierara eta txekierara. Ez dakit liburua hizkuntza horietan plazaratuko ote den, baina orain arte egindakoarekin gustura nago jada.