Virginia Garcia Pena (Donostia, 1979) Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Saileko dibulgatzailea eta Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko (FAAE) zuzendaritza batzordeko kidea da. Duela gutxi, Debako Kultur Elkartean izan zen, gaiari buruzko hitzaldia ematen, eta, azaldu zuenez, mende bat baino gehiago bada halako fenomeno astronomikorik ez zela hemen ikusten. Gertakari berezi horrek herritarren artean jakin-mina piztu du, eta, gaia aitzakia hartuta, Garcia Penarekin izan da BARRENA, eguzki-eklipseei eta horiei buruzko zalantzak argitzeko.
Abuztuaren 12an eguzki-eklipse bat ikusteko aukera izango da. Zerk egiten du berezi?
Aspaldiko partez –ehun urte baino gehiago–, eguzki-eklipse oso bat ikusteko aukera izango da; 1905ean izan zen azkena. Gipuzkoan, hain zuzen, osorik ez zen ikusgai izan, baina Burgosen eta inguruko lurraldeetan bai, eta, geroztik, esan dezakegu hau dela hurrengo eklipserik handiena.
Era sinple eta laburrean azalduko al diguzu zer den eguzki-eklipse bat?
Ilargia ilberri fasean dagoenean eta, aldi berean, bere orbitaren nodo batetik –Lurraren orbitak eta Ilargiaren orbitak elkar ukitzen duten puntuak– pasatzen denean gertatzen da fenomenoa. Ilberriak hilero izaten ditugu, baina ilberria nodoan oso gutxitan gertatzen da. Horixe gertatuko da, hain justu, hemendik gutxira. Izan ere, hiru astroak –Lurra, Ilargia eta Eguzkia– erabat lerrokatuta geldituko dira, eta, horrenbestez, Ilargiak proiektatzen duen itzala justu gure gainera eroriko da.
"Mundu osoko jendea bertara etorriko da fenomeno hori ikustera"
Osorik ikusiko da guretik?
Zenbait tokitan partziala izango da; ia-ia Eguzki osoa tapatuko da, %99,8 inguruan. Bestalde, Gipuzkoako hego-mendebaldean, Bizkaiko mendebaldean eta Araba osoan osorik ikusiko da. Eguzkia %100ean estaliko da, eta toki horietan Eguzkiaren koroa edo atmosfera deritzona –Eguzkiaren kanpoko geruza– ikusiko da. Hori, berez, eguzki-eklipse osoetan ikus daiteke.
Hemendik kanpo, penintsulako eta munduko zein beste tokitatik ikusiko da?
Printzipioz, Groenlandian, Islandian eta, itsasoa zeharkatu ondoren, Iberiar penintsulan ere ikusiko da. Kontua da, ordea, Groenlandian eta Islandian zerua garbi egoteko aukera gutxi egon ohi dela, eta, beraz, egun horretan zerua estalita egoteko eta ezer ez ikusteko arriskua handia izan liteke. Eklipsea ikusi ahal izango den hurrengo lurraldea Iberiar penintsula izango da, eta, orduan, esan genezake mundu osoko jendea bertara etorriko dela fenomenoa ikustera.
Zer-nolako eragina izango du horrek guztiak turismoan?
Eremu oso txiki batera mundu osoko jendea etortzea espero da; alegia, jende mugimendu handia izango da. Toki fidagarriak diren lekuetan, adibidez, ostatu guztiak beteta daude aspalditik. Beraz, plana egiteko asmoa dutenei aurrez antolatzen hasteko aholkatzen diet. Gogorarazi behar da ez dela gomendagarria azken momentuan mugitzea; batez ere, trafikoagatik. Europatik jende asko etorriko dela uste da, eta, hortaz, trafiko handia egongo da. Egongo den jende pilaketagatik, batetik, eta iazko uda suteei dagokienez nolakoa izan zen kontuan hartuta, bestetik, erakunde batzuk kezkatuta daude. Gaztela inguruan, bereziki, abuztua oso lehorra izaten da, eta beldur handia dago jende pilaketa bada sor daitezkeen zaborrek eta abarrek ez ote dituzten suteak eragingo.
"Hasten denetik bukatu arte ia bi ordu iraungo du abuztuaren 12ko eklipseak"
Penintsulari dagokionez, zein izan liteke tokirik egokiena?
Berez, Asturias izango litzateke egokiena; osotasunak gehien iraungo duen tokia izango da, minutu bat eta 50 segundo edo halako bat. Baina, noski, gure kostaldean bezala, Asturiasen ere lainoa egon daiteke; beraz, ez da oso toki gomendagarria. Hori jakinda, Leongo ingurua da tokirik egokiena; bertan ere nahiko luzea izango da, minutu bat eta 40 segundo ingurukoa. Horrez gain, Palentzian, Burgosen, Errioxan eta Nafarroako Erriberan ere ikusiko da.
Zeintzuk dira eguzki-eklipseaz gozatzeko gomendio orokorrak?
Ahal bada, toki altu batera joatea gomendatzen da, edo, bestela, mendebalderantz edo ipar-mendebalderantz orientatuta dagoen lekuren batera, behintzat. Zeru-ertza garbi ikusi behar da, eta, horregatik, komeni da inguruan mendiak, etxeak edo zuhaitzak ez egotea. Eklipsea 20:28 inguruan ikusiko da osorik; une horretan Eguzkia oso baxu egongo da, eta, tartean, trabarik badago, horrek Eguzkia estaliko du, eta eklipsea bera –Ilargiak Eguzkia nola estaltzen duen– galduko genuke.
Zenbat iraungo du, gutxi gorabehera, Euskal Herritik ikusi ahal izango den eklipseak?
Hasten denetik bukatu arte ia bi ordu iraungo du. Berez, Ilargiaren eta Eguzkiaren arteko lehen kontaktua 19:30ean izango da. Osotasunaren maximoa, berriz, 20:28rako dago iragarrita. Azkenengo kontaktuaren momentu hori, baina, ez dugu ikusiko.
Zergatik?
Eguzkia mendebaldetik sartzen delako.
Bestalde, lehen aipatu duzu Asturiasen minutu bat eta 40 segundo inguru iraungo duela osotasunak. Deban eta inguruan denbora bera irautea aurreikusten da?
Adibidez, eskualdean ez da eklipsea osorik ikusiko; gutxi gorabehera, %99,89-edo ikusiko da. Baina, mendebalderago joanda, osorik ikusi ahal izango da. Gipuzkoan, esaterako, Arrasaten eta inguru hartan osorik ikusiko da; 30 segundo inguru iraungo du.
"Herritarrei gogoraraziko nieke debekatuta dagoela Eguzkira zuzenean begiratzea"
Beraz, nondik ikusi ondo aukeratzeak badauka aldea.
Bai, noski. Hain justu, itzalaren muga Arrasatetik eta inguru haietatik pasatzen da. Izan ere, eguzki-eklipsea osorik ikusteko balio du, baina hori ikusteko minutu erdi bat inguru soilik daukazu. Gaztela aldera joanda, bestalde, minutu bat pasatxo irabazten da, baina, horretarako, leku optimoetara mugitu beharra dago.
Non egin daitezke kontsultak gure herrian ikusiko den eklipsea osoa ala partziala izango den jakiteko?
Xavier Jubierren (xjubier.free.fr) atarian, esaterako, eklipseak zenbat iraungo duen kontsultatu daiteke. Toki batean zeru-ertza garbi egongo den edo ez jakiteko, berriz, shademap.app webgunea ere erabil daiteke. Gaiarekin lotuta, Espainiako Geografiako Institutu Nazionalak ere eklipseei buruzko atal bat ireki du astronomiaren atalean (visualizadores.ign.es/eclipses), eta bertan, hurrengo hiru urteetako eklipseei buruzko informazioa kontsulta daiteke.
Eguzki-eklipse bat ikusteko, zein segurtasun-neurri hartu behar dira derrigorrez?
Herritarrei gogoraraziko nieke debekatuta dagoela Eguzkira zuzen begiratzea. Horretarako, filtroren bat erabili behar da. Norberarentzat erosoena eta, azkenean, merkeena, eklipserako betaurrekoak erabiltzea da. Betaurreko horiek Eguzkiaren argia blokeatzen duten azetato berezi bat daukate; erabat seguruak dira. Hortaz, eklipsea dagoen bitartean eta Eguzkirantz begiratu nahi dugun momentuan, betaurreko berezi horiekin begiratu behar da.
Azetatozko betaurreko horiez gain, beste ezer erabili daiteke?
Soldatzeko maskarak erabil daitezke. Horiek graduazio berezi bat izaten dute, eta, gutxienez, hamalaugarrenetik gora izan behar dutela gomendatzen da.
Bestalde, bada eklipsea ikusteko beste modu seguru eta alternatiborik?
Proiekzioaren bitartez ere ikus daiteke eklipsea.
"Nire iritziz, datorren urtekoa XXI. mendeko eguzki-eklipserik onena izango da"
Eta nola egiten da hori, zehazki?
Adibidez, kartoi zati bat hartu dezakegu eta zulotxo bat egin. Behin hori eginda, kartoi zati hori Eguzkirantz orientatzen baldin badugu, zulotxo horretatik proiektatuko litzateke eklipsea. Hori bai, guztia begi bistara baino modu txikiagoan ikusiko genuke. Bestela, prismatikoak edo teleskopio bat Eguzkirantz orientatzen badugu, betiere okularretik begiratu gabe –hori debekatuta dago–, gauza bera lortu genezake. Prismatikoak edo teleskopioa orientatzen ditugu Eguzkirantz, atzean jartzen dugu paper edo kartulina bat, eta mugitzen hasten gara aurrera eta atzera enfokatzeko edo fokua topatzeko, eta horrekin lortuko genuke irudi bat proiektatuta atzean jarri dugun paperean edo kartulinan. Eta hor bai, ikusiko genuke lehen aipatutako kasuan baino handiago, baina, noski, horretarako, teleskopio bat izan behar duzu eskura. Bestela, eklipsea teleskopiotik edo prismatikoetatik bertatik jarraitu nahi izanez gero, beharrezkoa izango litzateke horretarako berezia den filtro bat akoplatzea, baina gogoratu ezin dela inoiz zuzenean okularretik begiratu Eguzkirantz!
Hitzaldian, bestalde, eguzki-eklipsea ez dela bakarrik etorriko esan zenuen.
Abuztuaren 28an, gainera, ilargi-eklipse partziala ikusiko da. Eta, berez, hurrengo hiru urteetan hainbat eklipse ikusteko aukera izango dugu; 2027an, esaterako, beste eguzki-eklipse bat egongo da, eta 2028an beste bat. Guretzako, baina, aurtengoa izango da zerua gehien ilunduko duena; hala ere, hurrengoetan ere nabarituko dugu argitasuna asko jaitsiko dela.
Noiz izango da 2027koa?
Abuztuaren 2an izango da, eta hori, berez, eklipse bezala askoz hobea izango da.
Zer zentzutan diozu hori?
Osotasuna askoz luzeagoa izango da. Hori bai, osotasuna penintsularen hegoaldean bakarrik ikusiko da: Cadiz, Malaga… inguru hartan. Tarifa inguruan, adibidez, osotasuna lau minutukoa izango da. Hemen ere, Euskal Herrian, ikusiko dugu argitasuna jaitsi egingo dela egun horretan; kasu horretan, baina, Eguzkiaren %74 inguru tapatuko da. Nire iritziz, datorren urtekoa XXI. mendeko eguzki-eklipserik onena izango da. Maximoa Egipton ikusiko da, Luxor inguruan, eta han osotasuna ia sei minutu eta erdikoa izango da; oso eklipse luzea izango da.
Eta nolakoa izango da 2028koa?
Desberdina izango da. Hemendik ez da osorik ikusiko; izan ere, urtarrilaren 26koa ez da eklipse oso-osoa izango, eraztun-itxurakoa izango da. Ilargiak ez du erabat tapatuko Eguzkiaren diskoa, eta Ilargiaren inguruan Eguzkiak sortutako suzko eraztun antzeko bat ikusiko da.