Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak antolatutako pala txapelketa herrikoiaren finala larunbatean jokatu zuten, urtarrilaren 24an, Aldats pilotalekuan. 12:30ak pasatxoan hasi zen gomazko pilotarekin estreinakoz lehiatu duten txapelketaren azken partida, eta bertan, Amaia Aizpuru azkoitiarrak eta Maddi Ciaran debarrak osatutako bikoteak (gorriz) Naroa Rosa debarrak eta Maite Mugartegi mutrikuarrak osatutako bikotearen (urdinez) aurka jokatu zuten.
Neurketa oso borrokatua izan zen, eta tanto ederrak ikusteko aukera izan zuten ikusleek: atzera botatako pilotakadak, bi hormako tantoak.... Urdinek atera zuten sakea, eta neurketako lehen tantoa ere eurentzat izan zen. Hurrengo tantoa gorriek egin bazuten ere, segidan berriro hartu zuten agintea urdinek, eta pixkanaka markagailuan aldea handitzen hasi ziren. Lehen atsedenaldira 3-9 aurretik iritsi ziren, eta bigarrenera, berriz, 6-14ko aldearekin.
Partida guztian aurretik ibili baziren ere, ezin izan zuten garaipena erdietsi urdinek. Bigarren atsedenaldiaren ostean, Aizpuruk eta Ciaranek erreakzionatu egin zuten. Atzetik hasi zuten partida, hutsegite askorekin, baina bi pilotariek konfiantza hartu zutenean, tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi ziren. Hirugarren atsedenaldira 14-19 heldu ziren, eta ordutik aurrera partida erabat ireki zen.
Urdinak akats gehiago egiten hasi ziren azken txanpan, eta urduritasuna nagusitu ondoren, ez zuten asmatu. Gorriek, ordea, aukera baliatu zuten, eta hainbat tanto jarraian eginda, markagailua orekatzea lortu zuten. Azken atsedenaldira 20na berdinduta iritsi ziren, eta amaiera parekatuan, Aizpururen eta Ciaranen alde erori zen partida. Bi tanto erabakigarri eginda, 22-20eko emaitzarekin itxi zuten finala. Horrenbestez, Aizpururentzat eta Ciaranentzat izan da aurtengo txapela.
Pozik egindako lanarekin
Garaipena eskuratu ondoren, pozik agertu ziren Aizpuru eta Ciaran. "Hasieran nahiko justu ibili gara, baina aurkariak 22ra iritsi aurretik erreakzionatu dugu. Sakea lortu dugu, eta, ondoren, bata bestearen atzetik bizi-bizi hasi gara tantoak egiten. Iruditzen zait markagailua modu politean irauli dugula. Nik uste dut horrelako bueltak ederrak izaten direla publikoarentzat", azaldu zuen Aizpuruk. Ciaranek, bere aldetik, honakoa adierazi zuen. "Oso urduri hasi naiz, eta urduri jarraitu dut, baina Amaiak eman didan konfiantzari esker lasaitu egin naiz, eta hobeto moldatu naiz kantxan. Oso gustura jokatu dut berarekin".
Bi bikote finalistek, gainera, estreinakoz egin den txapelketak izan duen erantzun ona azpimarratu nahi izan zuten. "Lagunarteko giroa" nagusitu dela bat etorri ziren guztiak. "Modalitate honi indarra emateko helburuarekin egin da txapelketa eta, nire ustez, halako gehiago egin beharko lirateke", esan zuen Mugartegik.
Modalitatea indartzeko, gainera, hasiberriak zein federatuak batera jartzea erabaki dute antolatzaileek eta, hain zuzen ere, "lorpen handia" iruditzen zitzaiola gaineratu zuen Aizpuruak. "Guztiek erakutsi dute pilota mota honekin ere ondo jokatu daitekeela; joko molde honetara ondo moldatu dira, eta maila ona eman dute". Ciaran ere pozik agertu zen; txapelketa bultzatu nahian ibili den taldeko kide izan da, eta antolakuntza "oso pozik" dagoela nabarmendu zuen.