Esker oneko azaldu dira larunbateko omenaldiaren antolatzaileak. Mahai-ingurua, binilo pintxadak, herri bazkaria eta kontzertuak izan zituen osagai Kike Turmixen ibilbide artistikoa eta pertsonala goraipatzeko helburuz prestatutako egitarauak eta, Kultur Elkarteko kideek adierazi dutenez, "erantzun ezin hobea" eman zitzaien ekitaldi guztiei. "Bihotzez eskertzen dugu jendeak emandako erantzuna. Senide, lagun, musikari eta musikazaleen topaleku bihurtu zen Deba eta giro ezin hobean ospatu genuen eguna. Merezitako aitortza egin zitzaion rock-and-rollaren erreferente izan zen Kike Turmixi", nabarmendu du Alex Turrillasek.
Goizeko mahai-inguruan omenduaren ibilbide artistikoa eta pertsonala ekarri zuten gogora. Nestor Sierra Coge el tren podcastaren aurkezleak gidatu zuen solasaldia eta bost gonbidatu izan zituen berekin batera: Margarita Gaffaro, Kike Turmixen alarguna; Jon Iturbe, musikaria; Eduardo Ranedo, musika-kritikaria; Txema Vitoria, Kike Turmixen anaia; eta Bergarako Jam aretoko eta Riff Produkzioetako programatzaile-arduradun Mikel Berasategi.
Ondoren, binilo pintxada egin zuten Three Chords Daddy eta Juxeren eskutik, Arena tabernan; hamarnaka lagun elkartu ziren bertan. Eta leku berean, baina arratsaldean, beste binilo pintxada bat izan zen, Le Rougarou-ren eta Brain Squeezer-en eskutik.
Antolatzaileek adierazi bezala, 75 bat lagunek parte hartu zuten Ozio-Bide elkartean egindako bazkarian. Eta iluntzean Gaztetxean jarraitu zuen ospakizunak, festa giroan. Sei talde aritu ziren agertokian: Txakurrak, John Dealer and The Coconuts, Eh Mertxe!, Nuevo Catecismo Catolico, Bamms eta The Hot Dogs.
"Egun borobila izan zen, egia esan. Dena joan zen primeran eta oso polita izan zen jende guztia hain pozik ikustea. Beraz, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, batez ere lanean ibili ziren boluntario guztiei, Kikeren senideei eta ia musu-truk etorri ziren musikari guztiei. Mila esker guztioi!", azpimarratu du Turrillasek.
Argazkiak: Aitor Bedialauneta