Independentziaren aldeko aldarria lehen lerrora ekarriko du Debabarreneko Ernaik urtarrilaren 31n, larunbatez. Eskualde mailako jaialdia egingo du Deban eta egun osoko ekitaldi sorta iragarri du. Hitzaldia, bazkaria, karro-poteoa eta musika kontzertuak izango dira egitarauan.
Irati Azpilikuetak azaldu duenez, "aurten jaialdiak formatu zabalagoa izango du lehen aldiz; eguna gazte mugimenduaren aldarria kalera ateratzeko eta gure komunitateari topagune sendo bat eskaintzeko aukera bezala ulertzen dugulako". Horiek horrela, euren aldarria "modu zabalean sozializatu eta gazteok elkarrekin egoteko, eztabaidatzeko eta antolatzeko espazioak" sortu nahi dituztela aipatu du.
Gazte antolakundearen esanetan, hain zuzen, azken boladan areagotu egin dira jarrera erreakzionarioak: "Horrenbestez, gazteok gure posizio politikoa modu publiko eta irmoan adieraztea inoiz baino beharrezkoagoa da". Hauxe nabarmendu dute: "Gure ikuspegitik, estatu independente, feminista eta sozialista baten beharra gero eta ageriagoa da. Horregatik, gure belaunaldiak herri honen etorkizun politiko eta sozialaren alde lanean jarraitzeko dugun konpromisoa berresten dugu".
Ekinez Egina, gazteok independentziara lelopean abian jarritako dinamikaren bitartez, gazteek prozesu politikoan duten "paper aktiboa" azpimarratu nahi du Ernaik. "Ez gara ikusle: gure egunerokoan eta antolakuntzan egindako lanak egiten du posible etorkizun berri baten eraikuntza", erantsi dute gazteek.
"Espazio irekia"
Independentzia Egunean gazteen arteko topaketarako "espazio ireki" bat sortu nahi dutela adierazi du Azpilikuetak: "Elkar ezagutzeko, hausnarketarako, jardun politikorako eta kultur adierazpenerako gune bat. Horregatik aukeratu dugu Deba, herri giroa eta herrikoia uztartzeko moduko tokia delako".
Bada, azpimarratu du urtarrilaren 31koa ez dela hitzordu politiko huts bat izango eta ekimenarekin bat egiteko dei egin die eskualdeko gazteei. Haren esanetan, "gazteria antolatzeko, harremanak estutzeko eta etorkizunerako bide bat kolektiboki marrazteko unea izango da. Egun batez, Deba bihurtuko da Debabarreneko gazteriaren topaleku eta aldarrikapen gune".
EGITARAUA
- 12:00 Hitzaldia: Independentziaren borroka historian zehar: subjektibitatetik kolektibotasunera. Hizlariak: Itziar Aizpurua –ezker abertzaleko militantea–, Maider Lazkano –Sortuko kidea– eta Haritz Rekondo –Ernaiko kidea–. Ispiluen gelan.
- 14:30 Bazkaria Arranon. Prezioa: 10 euro –8 euro ikasleek eta langabeek–. Salmenta-puntuak: Eibar –Depor–, Ermua –Infreñu–, Elgoibar –Txillarre ekodenda–, Deba –Ieraenea ekodenda–, Itziar –Burugorri–, Mutriku –Zubixa–.
- Bazkalostea
- 19:30 Karro-poteoa.
- 22:30 Kontzertuak: Begibide / Ginka Biloba / DJ Berbi. Gaztetxean.