'Zu hurrengoa – En la diana' erakusketa Debara iritsiko da

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 30a

Argazkia: nurtura.es

Erakusketa Agirre Jauregiko erakusgelan izango da, eta bihar (urtarrilak 31) inauguratuko dute, herritar orori zuzendutako bisita gidatu batekin. 

Bihartik (urtarrilak 31) otsailaren 15era bitartean, Zu hurrengoa – En la diana izeneko proposamena izango da ikusgai Agirre Jauregiko erakusgelan, Debako Udaleko Bizikidetza Batzordeak antolatuta. Irekiera ekitaldia bihar bertan egingo dute; 12:00etan izango da hitzordua, herritar guztiei zuzendutako bisita gidatu batekin.

Gaur (urtarrilak 30), hain zuzen, Indarkeria Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna ospatzen da, Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrena gogoratzeko, eta testuinguru horretan kokatzen da Debako Udalak bultzatu duen ekimena. Tokiko erakundeko iturriek nabarmendu dutenez, data esanguratsu hori baliatu dute memoria lantzeko eta gogoeta sustatzeko.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baketik Fundazioak egindako ikerketa baten emaitza da, eta helburu nagusia da giza eskubideen urraketa mota guztiak ezagutarazi eta aitortzea da. "Erakusketa honek motibazio politikoagatik egindako indarkeria eta terrorismo testuinguruan izandako mehatxu larriak eta jazarpen-indarkeriak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Urte luzez, herritar askok pairatu dituzte ordezkari politikoen aurkako indarkeria, adierazpen askatasunaren kontrako mehatxuak, estortsio ekonomikoa eta ondasunen aurkako erasoak. Ikusleek sufrimendu horien errealitatera gerturatzeko aukera izango dute, oraindik ere ondorio horiek jasaten dituzten pertsonen, familien eta kolektiboen bizipenak ikusgai jarriz", zehaztu dute. 

Ordutegia

Ordutegiari dagokionez, erakusketa astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era egongo da zabalik, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara. "Debako Udalak herritar guztiak erakusketara gerturatzera animatu ditu, elkarbizitza eta giza eskubideen errespetua oinarri hartuta", erantsi dute.