Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak 'Deba 100 hitzetan' literatur lehiaketaren X. edizioa jarri dute martxan, herrian oinarritutako kontakizun laburren bidez sormena eta idatzizko adierazpena sustatzeko helburuz. Parte hartzeko epea zabalik dago jada, eta antolatzaileek gogorarazi dutenez, edonork hark dezake parte bertan, adin- edo bizileku-mugarik gabe.
Aurten ere, bi modalitate izango ditu lehiaketak: euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Aurkeztutako testuek ezingo dute 100 hitzeko muga gainditu, izenburua kontuan hartu gabe, eta gai nagusiak Deba izango du ardatz aurten ere. Hau da, kontakizunak Debarekin, haren historiarekin, paisaiarekin edo herriarekin, zuzenean edo zeharka, zerikusia duen beste edozein alderdirekin lotuta egon beharko du.
Lanak martxoaren 15eko 14:00ak baino lehen entregatu beharko dira, Debako Turismo Bulegoan edo turismoa@deba.eus helbidera bidalita. Aurkeztutako testuek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta paperean zein formatu digitalean bidali daitezke, izengoitiz sinatuta. Horrez gain, aparteko gutun-azal edo fitxategi batean egilearen datu pertsonalak zehaztu beharko dira.
Sariak
Lehiaketaren baitan guztira sei sari banatuko dira. Alegia, hizkuntza-modalitate bakoitzean — euskara edo gaztelania — hiru sari banatuko dira. Honakoak:
- Lehen saria: 300 euro.
- Bigarren saria: 200 euro.
- Sari berezia: 150 euro, saritua izan ez den tokiko lan onenarentzat
Epaimahaia Debako Udaleko Kultura zinegotziak izendatutako kideek osatuko dute, eta haien erabakia behin betikoa izango da. Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatu dituzte, "Debari buruz duten begirada pertsonala hitz gutxitan partekatzeko" eta, horrela, udalerriaren kultur sorkuntza aberasten jarraitzeko.