Inauterietako mozorro lehiaketan izena emateko epea, zabalik

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 2a

Gaurtik otsailaren 13ra bitarte egongo da zabalik aurtengo sariketarako izen-ematea, nahiz eta egunean bertan ere (hilaren 14an) egongo den izena emateko aukera. Lehiaketan banaka nahiz taldeka parte hartu daiteke, eta mozorroen gaia librea izango da.

Debako Udalak gaur (otsailak 2) zabaldu du aurtengo mozorro lehiaketan izena emateko epea. Interesdunek hilaren 13ra arteko epea izango dute horretarako, Turismo bulegoan, 943 19 24 52 telefono zenbakira deituta edota turismoa@deba.eus helbidera idatziz. Nolanahi ere, egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da, 11:00etatik 12:00etara, udaletxe azpiko arkupeetan. Sariketan banaka nahiz taldeka parte hartu ahal izango da, eta mozorroen gaia librea izango da.

Mozorro-desfilea 12:30ean abiatuko da, Agirre jauregitik, eta herriguneko hainbat kale zeharkatuko ditu: Astillero kalea, Lersundi kalea, San Roke kalea, Ostolaza kalea, Plaza Zaharra eta Itur kalea. Ekimena Foruen plazan amaituko da eta bertan jarriko duten eszenatokian egingo dute mozorro lehiaketa, parte-hartzaile guztien mozorroak ikusteko aukera eskainiz. Desfilearen amaieran, izena emandako norbanakoek eta taldeek eszenatoki gainean argazkia atera beharko dute, epaimahaiaren eta herritarren aurrean.

Hamar sari

Beste urte batez, parte-hartzaileen sormena eta lana aitortzeko sariak banatuko dituzte aurten ere. Berrikuntza gisa, helduz eta umez osatutako taldeentzako saria ere eskainiko dute oraingoan. Saritutako mozorroak epaimahaiaren eta herritarren bozketaren bidez erabakiko dira, eta guztira hamar sari banatuko dituzte, adinaren eta parte-hartze modalitatearen arabera.

Herritarren bozketa 14:00etatik 15:00etara egingo da, udaletxeko arkupeetan jarriko dituzten hautetsontzietan. Pertsona bakoitzak kategoria bakoitzean bozka bana eman ahal izango du (eta ezingo du norbere mozorroaren edo taldearen alde bozkatu). Banakako nahiz taldekako mozorroak bozkatzeko aukera egongo da. Sari banaketa, berriz, 19:30ean izango da, Foruen plazan.

Hona hemen kategoria eta sari nagusiak:

16 urtetik gorakoak:

  • Taldeka:
    Epaimahaiaren saria:
    200 euroko bonoa Atozte tabernan erabiltzeko
    Herritarren saria: 200 euroko bonoa Izenben erabiltzeko

  • Banaka:
    Epaimahaiaren saria:
    100 euroko bonoa Alvarezen erabiltzeko
    Herritarren saria: 100 euroko bonoa Alvarezen erabiltzeko

16 urtetik beherakoak:

  • Taldeka:
    Epaimahaiaren saria: 100 euroko bonoa Lorea tabernan erabiltzeko
    Herritarren saria: 100 euroko bonoa Oskarbi tabernan erabiltzeko

  • Banaka:
    Epaimahaiaren saria: 50 euroko bonoa Lorea tabernan erabiltzeko
    Herritarren saria: 50 euroko bonoa Oskarbi tabernan erabiltzeko

Talde mistoak (adin desberdineko kideek osatutako taldeak):

  • Epaimahaiaren saria: 200 euroko bonoa Arbil tabernan erabiltzeko
  • Herritarren saria: 200 euroko bonoa Zalburdin erabiltzeko

Sari guztiak abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.