Debako Ekiberri Judo Klubeko kideek maila ona erakutsi dute Eibarko topaketan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 2a

Dominarekin bueltatu ziren jardunaldian parte hartu zuten guztiak. Ekiberrik halako ekimen batean parte hartzen zuen lehen aldia izan da.

Debako Ekiberri Judo Klubeko ordezkariek urtarrilaren 17an Eibarren jokatutako topaketa batean parte hartu zuten. Jardunaldiak lagunarteko izaera izan zuela azaldu du Jon Montielek, klubeko arduradunak, baina, aldi berean, judoka gazteentzat "mugarri garrantzitsua" izan zela nabarmendu du; izan ere, Ekiberrik halako ekimen batean parte hartzen zuen lehen aldia izan zen.

Herriko judokak lehiatzeko gogoz joan ziren Eibarrera. Guztira sei kirolarik hartu zuten parte, eta guztiek domina bana eskuratu zuten. Hona hemen emaitzak: 

  • Benjamin maila:
    • Urrezko domina: Kepa Zabala.
    • Zilarrezko domina: Zuhaitz Lorenzo.
    • Brontzezko domina: Ane Diez eta Eneko Esnaola.
  • Kimu maila:
    • Zilarrezko domina: Ekain Etxaniz.
  • Haur maila:
    • Brontzezko domina: Iker Alvarez.

Hurrengo jomuga, Andorra

Eibarren izandako hitzordua, ordea, ez da Ekiberriren urteko erronka bakarra izango. Montielek aurreratu duenez, udaberrian Andorrako Hantei Judo Klubak antolatutako nazioarteko topaketan parte hartzea izango da hurrengo pausoa. Debatik ordezkaritza zabala joatea espero duela gaineratu du: "Ikusiko dugu zenbat jende animatzen den".