Otsailaren 15era arte egongo da ikusgai 'Zu hurrengoa - En la diana' erakusketa

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 3a

Urtarrilaren 31az geroztik ikusgai dago Zu hurrengoa - En la diana Agirre jauregiko erakusketa gelan. Debako Udalak antolatu du ekimena, Bizikidetza Batzordearen bidez, "memoria sustatzeko eta gogoeta egiteko" helburuz, eta otsailaren 15era arte egongo da zabalik (17:30etik 19:30era lanegunetan eta 12:00etatik 14:00etara asteburuetan).

Udal iturriek gogorarazi dutenez, ostiralean ospatu zen Indarkeria Ezaren eta Bakearen Eskola Eguna, Mahatma Gandhi hil zuten eguna oroitzeko, eta data esanguratsu horren biharamunean inauguratu zuten erakusketa. Ekitaldian ateratako irudiak dituzue goikoak.

Ikerketa baten fruitu

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baketik Fundazioak egindako ikerketa baten emaitza da Zu hurrengoa, eta "motibazio politikoagatik egindako indarkeria eta terrorismo testuinguruan izandako mehatxu larriak eta jazarpen-indarkeriak" ezagutarazi nahi ditu. Azaldu dutenez, "herritar askok urte luzez pairatu dituzte ordezkari politikoen aurkako indarkeria, adierazpen askatasunaren kontrako mehatxuak, estortsio ekonomikoa eta ondasunen aurkako erasoak". Eta errealitate hori ezagutzeko aukera eskaintzen du ekimenak.

Udalak erakusketa ikusteko dei egin die herritarrei. "Helburu nagusia Deban giza eskubideen urraketa mota guztiak ezagutu, entzun eta aitortzea da, herritarren arteko elkarbizitza oinarri hartuta", azpimarratu du.