Munduan, herrialde aberatsen eta herrialde behartsuen artean, ondasunen banaketan desberdintasun ikaragarriak daude. Horregatik, 1972an Nazio Batuek, 61. ebazpenean, ebatzi zuten herrialde industrializatuen Barne Produktu Gordinaren %0,7 bideratzea Hegoaldeko herrietara Garaperako Laguntza Ofizial gisa.
Nahiz eta herrialde behartsuak lehengaietan aberatsak izan, haien gobernuek, gure gobernuek eta multinazionalek herrialde horiek muturreko pobrezian mantentzen dituzte. Hirugarren Munduko herrialdeek, orain Hegoaldeko herrialdeek, erabateko pobrezia pairatzen dute, eta ia ezinezkoa zaie euren ahalmenak garatzea, giza eskubide eta sozialak lortzea, eta, ondorioz, bizitza duina eskuratzea.
Bidegabeko egoera honen ondorio larrienetakoak gosea, edateko urik eza, gaitzak eta heriotza ekidingarriak dira. Erditzean gertatzen diren amen zein umeen heriotzak, eta elgorriak, beherakoak, pneumoniak eta abarrek jota hiltzen diren une txikien heriotzak saihestu daitezke. Palestinako egoera, rohingyen bizitza Myanmarren, siriar, afganiar, eritrear, sudandar, saharar… errefuxiatuek bizi duten egoera, Mediterraneoan eta Atlantikoan itotzen diren ehunka pertsona, Estatu Batuetara iristen saiatuta hiltzen direnak… Horiek ere saihets daitezkeen heriotzak dira.
Giza eskubideak eta elkartasuna gero eta beharrezkoagoak dira, eta udal-aurrekontuaren %0,7 beren jatorrizko herrialdeetan bizitza duina lortzeko borrokan ari diren pertsonen aldeko elkartasuna adierazteko era da, baita muturreko egoera larrian dauden herrialdeekiko elkartasuna erakusteko modua ere.
Deba-Itziar, Euskal Herria gure Etxe Txikia da; eta gure Etxe Handia, Lurra. Biak, gure borrokaren Etxea.