Antolakuntzak musean jokatzeko zaletasuna duten guztiak gonbidatu ditu bihar (otsailak 6) gaueko kanporaketara. Gogorarazi dutenez, beste herri batean bizita ere parte hartu ahal izango da norgehiagokan.
Izen ematea 20 euro izango da bikote bakoitzeko, eta bihar egin beharko da, kanporaketa hasi baino lehen. Gainera, afaria ere egongo da, nahi duten guztientzat; 30 euroren truke, Zalburdin bertan eskuratu ahal izango dira tiketak.
Urteroko dinamika
Txapelketaren dinamika urterokoa izango da, eta Federazioak ezarritako arauen arabera jokatuko da. "Arauak eskura izango dituzue, baita webgunean ere", adierazi dute antolatzaileek.
Kanporaketa amaitutakoan, sariak banatuko dira. Honakoak:
- Txapela eta arkume erdia.
- Oroigarria eta txuleta bana.
- Gazta erdia eta ardo botila bana.
- Muserako kit bat.
Debako kanporaketako irabazleek martxoaren 7an Antzuolan jokatuko den Gipuzkoako finalerako txartela eskuratzeko aukera izango dute. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, hiru bikotek lortuko dute txartela; bestela, bi bikote sailkatuko dira. Final nazionala martxoaren 28an izango da, Villabona-Amasan.
