Espainiako Snowboard Kopako lehen proba jokatu zen aurreko asteburuan, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean, Baqueira Bereten, eta bertan parte hartu zutenen artean izan zen Xabi Osa debarra. Kemen Kirol Klubeko kideak snowboardcross modalitatean hartu zuen parte, kirol egokituko DPD kategorian, eta, hirugarren postua erdietsita, emaitza onarekin ekin dio txapelketari.
Aitortu duenez, gustura geratu da zirkuituko lehen hitzorduan lortutako sailkapenarekin. Finalaren aurretik jokatutako hiru txandak irabazi zituen, eta azken lasterketan garaipena eskuratzeko aukera izan zuela ere azpimarratu du. "Lehen postuan hasi nuen lasterketa, baina azken bihurguneetako batean nire buruaz gehiegi fidatu nintzen; ondorioz, atzetik zetozen Jorge Gargallok eta Urko Egeak aurrea hartu zidaten", erantsi du.
Lehiatzeko gogoz
Espainiako Snowboard Kopako bigarren fasea otsailaren 28an eta martxoaren 1ean izango da, Formigalen, eta finala, berriz, martxoaren 28an, Sierra Nevadan.
Osak iragarri du bi proba horietan ere parte hartzeko asmoa duela. "Azken lasterketan egindako akatsak ez errepikatzeko eta zirkuituan nire onena emateko asmoz noa; bide onetik noala uste dut", adierazi du. Erronka argia du: "Irabaztea da helburua; bestela, ez dut nire onena ematen pistan".
