Bergarako 'Hala bazan!' ikuskizunean dantzatuko dute Kulunkako kideek

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 11

ARGAZKIA: Igor Baroja

Bergarako Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak Aratusteetako kontzertua egingo dute ostiralean (otsailak 13), 22:30ean, Hala bazan! izenburupean. Aurten ere Debako Kulunkako dantzariak ariko dira oholtzan, Alaitz Izaga dantza taldeko zuzendari eta irakaslearen gidaritzapean. Izagak azaldu duenez, hamalau urte daramatzate bertan parte hartzen.

Aurtengo emanaldiari dagokionez, hemezortzi dantzarik parte hartuko dutela jakinarazi du taldeko zuzendariak. Musikal estiloko ikuskizunari egokitutako hiru koreografia "ikusgarri" aurkeztuko dituztela esan du: "Nik sortu ditut hiru koreografiak. Lehen kantua balada bat izango da, eta liriko estiloan egingo dugu dantza; beste biak jazz estilokoak dira".

Hitzordurako sarrerak seminarixoa.eus atarian eta Seminarixoa aretoko leihatilan daude eskuragarri, 8 euroren truke. Izagak azaldu duenez, oraindik badira sarrera batzuk, "baina oso gutxi geratzen dira"; beraz, azkar ibiltzea gomendatu du.

Antolatzaileek ohartarazi dute pertsona bakoitzak gehienez sei sarrera erosi ditzakeela, eta guztiak salduz gero ez direla salgai egongo emanaldi egunean.