Debako Arbil Elkarte Sozialak Petritegi sagardotegira irteera antolatu du

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 9a

ARGAZKIA: Petritegi sagardotegia

Otsailaren 26an, ostegunez, izango da irteera. Otsailaren 11n zabalduko dute izen-ematea. 

Sagardo denboraldia hasita, Arbileko Elkarte Sozialak urteroko sagardotegiko irteera antolatu du. Elkarteko ordezkariek jakinarazi dutenez, aurten Astigarragako Petritegi sagardotegira joango dira. Egitarauan jasotakoaren arabera, Donostiako Cemento Rezola Museoa bisitatuko dute lehenik, eta ondoren sagardotegira abiatuko dira; 14:30ean izango da otordua. 

Otsailaren 26an izango da irteera; 09:30ean jarri dute hitzordua zumardian, hondartzako sarreraren alboan. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. Zehaztu dutenez, asteazkenean (otsailak 11) irekiko dute izen-ematea, eta interesa dutenek Arbileko bulegora jo beharko dute. Irteeraren prezioa 55 eurokoa da pertsonako; horren barruan sartzen dira garraioa, bisita gidatua eta sagardotegiko menua. 

Hileroko ibilaldia

Sagardotegira egingo duten irteeraz gain, Arbileko ordezkariek Zarautz eta Zumaia arteko ibilaldia egiteko asmoa ere badutela adierazi dute. Eguraldiak laguntzen badu, ostegunean (otsailak 12) egingo dute goiz pasa. 

Joan-etorria garraio publikoan egingo dute; beraz, parte hartzeko interesa dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko. 08:40ean tren geltokira joatea nahikoa izango dela azpimarratu dute, izan ere, ordu horretako trena hartu eta Zarautzera joatea baita asmoa. Handik, Zumaiara abiatuko dira, Getariatik eta Askizutik igarota. Ibilaldia amaitu ondoren, atsedenaldi bat ere egingo dute; ohi bezala, bazkal ordurako Deban egotea aurreikusten dela esan dute.