Lian (AEB, 1981) muralgile entzutetsuaren beste artelan bat izango dugu laster Deban. Lehendik ere ezaguna dugu bere lana inguruotan, azken urteotan herrian beste lau horma-irudi egin baititu (Maxpe kalean, Gaztetxean, kanposantu zaharraren alboan eta Yako surf eskolaren lokalean). Bosgarren artelana egunotan lantzen dihardu eta martxorako amaitu nahiko lukeela azaldu dio Barrena-ri, betiere eguraldiak laguntzen badio.
Debako Udalaren enkarguz ari da margoketa lanetan eta Turismo bulegoarekin elkarlanean ari dela ere aipatu du.
Udalerriko historiari keinu eginez, hondartzan dagoen emakume bat da muralaren protagonista. Lianek azaldu bezala, artelanak emakume horren bizitzaren garai ezberdinak irudikatuko ditu, sasoi bakoitza transformadorearen alde bakoitzean islatuz.