100 urte bete berri ditu Polonia Santanak. Alaejosen (Valladolid) jaio zen eta Eibarrera joan zen bizitzera 50eko hamarkadaren amaieran. Bertan, merkatu plazan aritu zen lanean hainbat urtez, pastak saltzen. Gerora, baina, Deban erosi zuten etxea eta bertan bizi da azken 30 urteotan.
Joan zen igandean, otsailaren 8an, omenaldi xumea egin zioten urteurren borobilaren bueltan. Meza entzun ostean, elizaren atarian lore-sortak eman zizkioten eta ekitaldian txistulariek eta Nagusilan elkarteko kideek parte hartu zuten, besteak beste. Ospakizunak Calbeton jatetxean izan zuen jarraipena gero, gertuko senideen konpainian.