Indarkeria matxistari erantzun publiko instituzionala emateko protokoloa eguneratu dute Gipuzkoan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 13a

Aldundiko eta udaletako ordezkariak, tartean, Alazne Txurruka Debako alkatea eta Jon Riaño Debako alkateordea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta lurraldeko udaletako ordezkariek bilera egin zuten atzo (otsailak 12), 2018an martxan jarritako protokolo "aitzindaria" indartzeko. Jarraibide instituzional berria udalerriekin eta eragile feministekin batera landu da, eta tokiko ezarpen fase bat hasi du orain, komunitatea, koordinazioa eta erreparazioa ardatz hartuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udaletako ordezkariekin partekatu zuen atzo (otsailak 12) indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionalerako protokoloa eguneratzeko lana. Lan topaketa horretan hamasei alkatek —tartean Debakoak—, hogeitik gora udal arduradunek eta teknikarik parte hartu zuten. 

Irune Berasaluze foru bozeramaileak eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoko zuzendariak ere parte hartu zuten atzoko bileran eta, azpimarratu zutenez, "bultzada berri bat eman zaio Gipuzkoak 2018an lehen protokoloa onartuta hasi zuen erakundeen arteko konpromisoari". Berasaluze hitzetan, tresna hori "aitzindaria eta bakarra" da gure inguruan, eta, horri esker, "lehen aldiz" egituratu ahal izan zela erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean. “Berrikuspen horrekin, Aldundiak eta udalerriek lan partekatu hori indartuko dute, eta egungo errealitate eta erronketara egokituko”. Dokumentua eguneratzeko, lankidetza-prozesu bat egin da lurraldeko udal, emakume-elkarte eta talde feministekin, “elkarlaneko gobernantzaren ikuspegia” indartuz, Berasaluzek nabarmendu duenez.

Protokolo eguneratuak emakume biktimen erreparazioa jartzen du erdigunean eta indarkeria mota berriak barne hartzen ditu, bereziki indarkeria bikarioa eta indarkeria digitala, "sare sozialetan, mezularitza zerbitzuetan, plataformetan eta emakumeen aurkako beste ingurune birtual batzuetan gero eta eraso gehiago daudelako". Gogoratu dute indarkeria horien artean sartzen direla emakumeen osasunean, askatasunean eta bizitzan benetako ondorioak dituzten jarrera matxistak, hala-nola jazarpen jarraitua, larderia, mehatxuak, baimenik gabeko irudiak zabaltzea, identitatea ordeztea, kontrol digitala eta antolatutako gorroto kanpainak.

Dokumentua eguneratzeko  lankidetza-prozesu bat egin du aldundiak  udal, emakume-elkarte eta talde feministekin, “elkarlaneko gobernantzaren ikuspegia indartuz.

Bi esperientzia pilotu

Atzo egindako saioarekin fase berri bat ireki da, protokoloa praktikan jartzera bideratua. Helburua da udal bakoitzak prozedura eta irizpide komunak bere tokiko testuingurura egokitu ahal izatea, eta, aldi berean, erantzun homogeneoa, koordinatua eta eraginkorra bermatzea lurralde osoan.

Prozesu hori errazteko, Aldundiak bidelagun gisa jardungo du, eta udalerri guztiei zuzendutako laguntza teknikoko zerbitzu espezifiko bat abian jartzeko lanean ari da. Era berean, bi esperientzia pilotu garatuko dira Gipuzkoako udalerri txikietan, protokoloa haien berezitasunetara egokitzeko.