Nondik nora

Valeska Cardenas: "Nikaraguako bizimoduarekin alderatuta, hemen askoz hobeto bizi dela iruditzen zait"

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 16a

Valeska Cardenas.

Valeska Cardenas Pachecok (Leon, Nikaragua, 1991) ia 14 urte daramatza Deban bizitzen. Maitasunagatik etorri zen, eta, hasieran zailtasunak izan arren, ondo moldatu da herriko bizitzara. Hemen errotu da, Jose Luis Jerez senarrarekin eta haien Izar eta Enara alabekin. Hala ere, atzean lagatako familia falta du gehien: "Gurean oso familia familiarra gara"; hori oso gogorra egin zaio.

Noiz etorri zinen Nikaraguatik Debara eta zerk ekarri zintuen hona?
2012ko maiatzean etorri nintzen. Maitasunagatik etorri nintzen, batez ere. Nire senarrak, Jose Luisek, ekarri ninduen. Hura ordurako hemen bizi zen; 2005ean iritsi zen. Bigarren Hezkuntzan ezagutu genuen elkar, baina gero hura hona etorri zen bizitzera eta, denborarekin, harremana galdu genuen. Urte batzuk geroago, Facebooken bidez berriro jarri ginen harremanetan, eta, tira, bikote harreman bat hasi genuen. Hilabete batzuk geroago, ezkontzea proposatu zidan, eta Nikaraguan ezkontzea erabaki genuen. Handik gutxira, hark hona itzuli behar izan zuen, eta, lau hilabete inguru geroago, ni ekarri ninduen.

Euskal Herriari eta euskaldunei buruz zer-nolako irudia zenuen? Eta iritsi zinenean, zerk harritu zintuen gehien?
Egia esan, ez nekien ezer ere. Gure bikote harremanaz hitz egiten genuen, nola moldatuko ginen eta biziko ginen... baina ez genuen hemengo jendeari edota herriari buruz hitz egiten. Jose Luis hemen zegoelako etorri nintzen; abentura modura etorri nintzen, askorik pentsatu gabe. Kulturalki aldaketa handia izan zen. Jateko moduak, adibidez, asko harritu ninduen. Hemen lehenengo platera, bigarrena, postrea… jatea ohikoa da, eta nik ezin nuen horrenbeste jan; ez zitzaidan sartzen. Nikaraguan, aldiz, plater bakarra jaten dugu, eta kito; hemen plater konbinatua deitzen zaionaren antzekoa. Txikiteoa ere oso bitxia iruditu zitzaidan: tabernaz taberna edari bat hartzen ibiltzea… ez nuen ulertzen. Taberna batean gustura bagenbiltzan, ez nuen ulertzen zergatik ibili behar zen batetik bestera.

"Euskaraz elkarrizketa bat lasai eramateko gai izatea gustatuko litzaidake"

Eta hasierako urte haiek nolakoak izan ziren?
Lehen bi urteetan asko kostatu zitzaidan jendearekin hartu-emana izatea eta hemengo bizimodura moldatzea. Ez zen jendearengatik, baizik eta ni neu oso itxia nengoelako gauza askorekiko; gainera, atzean nire familia utzi nuela jakiteak… eta gainontzeko guztiak asko igartzen nituen faltan. Baina, pixkanaka, pentsamoldea aldatzen joan nintzen.

Zerk lagundu zizun egoera hura aldatzen?
Lehenengo lanak umeak zaintzen izan nituen, eta horrek kalera ateratzera behartzen zaitu: plazara, parkera... Jende gehiagorekin hitz egin behar duzu, eta, pixkanaka, jendeak ere ezagutzen zaitu. Egia esan, hemengo bizitzara moldatzeak ideiaz aldatzen lagundu zidan. Denbora pasa ahala konturatu nintzen ahaleginik egin ezean nire egunerokoa etxetik lanera eta lanetik etxera mugatuko zela, beti senarrarekin edo haren familiarekin. Handik aurrera, harreman gehiago egiten hasi nintzen.

Ia 14 urte daramatzazu Deban. Zer gustatzen zaizu gehien gaur egun hemen duzun bizimodutik?
Behin erabaki nuenean hemengo bizitzara moldatzea, gauzak oso ondo joan dira. Orain dena gustatzen zait: bizitzeko modua, lan egiteko era... baita txikiteoa ere; kar-kar. Nikaraguako bizimoduarekin alderatuta, hemen askoz hobeto bizi dela iruditzen zait. Gainera, Deba herri segurua da. Han, nire herrialdean, edozein lekutara joanda ere, segurtasun falta handia dago, delinkuentzia handia dagoelako.

Eta, hala ere, zer falta duzu gehien Nikaraguatik?
Familia, zalantzarik gabe. Azkenean, han uzten duzu zure bizitza osoa, hemen beste bat hasteko. Gurean oso familia familiarra gara: beti elkarrekin, bisitan, bazkaritan... Hori izan da gogorrena. Janaria ere igartzen dut faltan, eta familia-bazkarietan sortzen zen giro berezi hori.

"Lehen bi urteetan asko kostatu zitzaidan jendearekin hartu-emana izatea"

Zer-nolako harremana izan duzu euskararekin?
Urtebetez euskaltegian ibili nintzen, eta ikasturtea gainditu nuen. Baina bigarren alaba jaio zenean utzi egin nuen. Ikastea, lan egitea eta familia uztartzea ez da erraza. Hori bai, nire alabak primeran moldatzen dira euskaraz; ahal dudan guztietan haiekin praktikatzen saiatzen naiz. Nire asmoa berriro euskaltegian izena ematea da. Euskaraz elkarrizketa bat lasai eramateko gai izatea gustatuko litzaidake; ilusio handia egingo lidake.

Etorkizunera begira, zure bizitza hemen irudikatzen duzu?
Momentuz, hemen geratzea da nire asmoa. Bizitza osorako hemen irudikatzen dut neure burua. Nikaraguak asko aldatu beharko luke, edo hemen gauzak oso gaizki jarri, Nikaraguara itzultzea planteatzeko.

Atzera begiratuta, Debara etortzea erabaki zuzena izan zela esango zenuke?
Nire ustez, bizitzan egin dudan gauzarik onena izan da. Ez dakit nolakoa izango litzatekeen nire bizitza Nikaraguan, baina uste dut ez nintzatekeela gaur egun Deban sentitzen naizen bezain bete-betea sentituko.