Gasteiz eta Bartzelona arteko joan-etorrian bizi da Kauldi Iriondo (Gasteiz, 1992), eta Debarekin lotura estua izaten jarraitzen du, bertan baitauzka familia eta lagunak. Arte Ederrak ikasi zituen, eta argazkilaritza maite du. Gaur egun, zinemagintzan dihardu, teknikari lanetan, baina urte erdia baino ez du horretan ematen, beste erdia Iraken eta Kurdistanen igarotzen baitu, bisita gidatuak egiten. Bagdadetik erantzun ditu BARRENAk egindako galderak.

Iriondo, Estatu Islamikoaren aurka aritutako irakiarrekin, Hatran. KAULDI IRIONDO
Urteak daramatzazu munduan batetik bestera. Nondik datorkizu bidaiatzeko zaletasuna?
Unibertsitatean nengoela, Errumanian bizitzeko aukera sortu zitzaidan, eta han hartu nion gustua argazkilaritzari; kutsu dokumentala duenari, bereziki. Ordutik, munduko leku asko ezagutu ditut. Hainbat lan izan ditut Indian, Mexikon eta Perun, adibidez, eta horrek hango egoera eta borrokak ezagutzeko aukera eman dit. Zortea ere izan dut, jende jator askoren lagun- tzari esker Guatemalako, Kurdistango eta Palestinako errealitateak ezagutu ahal izan ditudalako. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet bidean lagundu nauten guztiei.
Zein lekuk edo esperientziak markatu zaitu gehien? Zergatik?
Leku asko ditut gogoan, eta momentu konkretu batzuk bereziki... Argazkilaritza irakastera gonbidatu ninduen Severine Sajous artista frantziarrak Calaisko errefuxiatu kanpalekura, eta bertako hondartzan siriarrekin eta irakiarrekin batera jokatu genuen futbol partida da, hain justu, sekula ahaztuko ez dudan momentuetako bat. Ikasle haiek, egun lagun deitu ditzakedan haiek, kamioietan ezkutatuta Ingalaterrara gurutzatzen saiatzen ziren gauero. Gau hartan lortu zuten askok beren ametsa betetzea.
"Argazkilaritza elkarrizketa bat irekitzeko aitzakia bezala erabili izan dut askotan"
Zenbateraino lagundu dizu argazkilaritzak beste kultura batzuk ulertzen eta errealitate hori besteon begietara ekartzen?Gure auzoetatik harago bizi den jendea ezagutzeko aukera eman dit argazkilaritzak; erreminta ona dela uste dut. Nik ez dut sekula zoomik erabili, eta horrek pertsonengana gerturatzera bultzatzen zaitu, argazkia ateratzeko, baimena eskatuz eta elkarrizketarako bideak zabalduz. Beraz, argazkilaritza nire eta parean dudan pertsonaren artean elkarrizketa bat irekitzeko aitzakia bezala erabili izan dut askotan, eta elkarrizketa horiek lagundu didate hainbat errealitate ezagutzen.Guztiok nahi izaten dugu besteez jakin, eta, askotan, elkarrizketa politek bazkarietara eramaten gaituzte, eta bazkari horiek askotariko istorioetara. Horregatik, asko disfrutatu ditut urte hauetako ibilbidean izandako elkarrizketak.
Gaur egun, turismo-gidari ere badiharduzu lanean, Iraken eta Kurdistanen. Nolatan?
Banoa Bidaiak enpresarekin jarri nintzen kontaktuan; elkarrizketa egin ondoren, Iraken eta Kurdistanen gidari izan nahi ote nuen galdetu zidaten. Pozarren baietza eman, eta hementxe nago orain, Bagdaden. Bidaia kulturalak egiten ditugu.
Berez, ez dira, ba, ohiko leku turistikoak...
Oso leku interesgarriak daude hemen, bertan, Tigris eta Eufrates artean, sortu baitziren gaur dauzkagun gauza asko. Garrantzi handiko zibilizazioak izan dira lur hauetan: sumertarrak, akadtarrak, asiriarrak eta babiloniarrak, baita sasandarrak, arabiarrak eta otomandarrak ere. Ezagutzen ditugun erlijio monoteistek lur eta zibilizazio hauen eragin handia izan dute, eta, batetik, hori ikusten eta ikasten dugu bertan. Bestetik, urteetan izan diren guda eta genozidioak direla eta, bertako errealitatea ezagutzeko hainbat memorial bisitatzen ditugu. Guda edota genozidio haiek pairatu dituzten pertsona asko dira herri bakoitzean, eta haien bizipenak ezagutzeko aukera izaten dugu. Beste gauza batzuen artean, errealitatea bertatik bertara ikusteko eta zuzeneko informazioa jasotzeko balio dute bidaiek.
Zer aurkitzen du bidaiari batek Irakera edo Kurdistanera iristen denean?
Esan bezala, interes handiko herrialdeak dira. Denok dakigu asko sufritu duela Irakek, baita Kurdistanek ere. Bidaiariek argi esaten digute Irak ez dela beraiek aurrez uste zuten bezalakoa. Komunikabide handiek aurreiritziak sortzen lagundu dute, eta bidaia horietan egiazko errealitatea ikusten du jendeak. Edozein herrialdetan bezala, gauza gutxi ezagutu eta ulertu daitezke hemen hamabost eguneko bidaia batean, baina denbora nahikoa da herrialde honetaz, interesak tarteko, saldu diguten gehiena gezurra dela ohartzeko.

Garaipenaren Eguneko desfilera bidean doan beteranoa (Chisinau, Moldavia). K.I.
"Bidaiariek argi esaten digute Irak ez dela beraiek aurrez uste zuten bezalakoa"
Nola hartzen dituzte gaur egun turista taldeak Iraken?
Guda ostea pairatzen ari den herrialdea da; gutxinaka, berriz ere arnasa hartzen hasi dira hainbat biztanle, eta gogoz hartzen gaituzte. Errespetu handiz bidaiatu behar da beti, eta, hala eginda, begi onez hartzen zaituzte, berriz ere kanpotarrak bertan ikustea normaltasunaren seinale baita beraientzat.
Arriskuaren pertzepzioa nabarmen handitzen da horrelako herrialdeak aipatzean. Nolakoa da zure eguneroko errealitatea bertan? Segurtasun neurri berezirik hartu behar izaten al duzue, adibidez?
Ondo jakin behar da nora joan eta nora ez, eta neurriak hartzen ditugu, noski, baina lasai ibiltzen gara herrialde guztia hegoaldetik iparraldera zeharkatuz. Esan bezala, hainbat guda sufritu dituen herrialdea da Irak, eta oraindik ere erne dabiltza, baina ez da aparteko segurtasun neurririk hartu behar.
Zer moduzkoa izaten da hartu-emana bertako jendearekin? Argazki kamera bat izateak erraztu ala zaildu egiten du elkar ezagutzeko prozesua?
Bisitak gidatzen nabilenean ez dut kamerarik eramaten soinean, baina, hala ere, bertako herrixka, merkatu eta kaleetan ibiltzea sekulakoa da, asko dugu ikasteko irakiarrengandik eta kurduengandik. Pertsona guztiek irribarre batekin egiten dizute ongietorria beren herrialdera, "Welcome to Irak" hitzekin. Ea noiz ikasten ote dugun guk ere berdina egiten…

Gazteak futbolean, Taq-i kisra monumentua atzean dutela (Ctesifonte, Irak). K.I.
"Errespetu handiz bidaiatu behar da beti, eta, hala eginda, begi onez hartzen zaituzte"
Zein da orain arteko bidaietatik jaso duzun irakasgairik garrantzitsuena? Zerekin geratzen zara zu, batez ere?
Ba, aipatutako azken horrekin geratzen naiz. Uste dut ikasi egin beharko genukeela gure herrira datorrenari ongietorria egiten. Hainbat jende eta herrialderengatik kezkatzen dira, eta guk, berriz, ahaztuta dugu hori. Gero eta beldur handiagoa diogu kanpotarrari, eta eroso gaude entzuten ditugun gezurrekin.
Herrialde batetik bestera ibiltzen zara, Kauldi. Etorkizunera begira, non ikusten duzu zeure burua?
Egia esan, pozik nago gaur egun daukadan bizitzarekin. Gehien maite ditudan gauzetan ari naiz lanean, eta etorkizunean ere horrela jarraitzea espero dut.

Shivaren omenez urdinez margotutako gaztea (Ganeshpuri, India). K.I.