Oinatz eta Haitz Irusta anaiak Espainiako Jiu-jitsu Txapelketan lehiatuko dira

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 17a

Haitz eta Oinatz Irusta anaia debarrak, euskal selekzioko ekipazioa soinean. O.I.

Otsailaren 20tik 22ra Espainiako Jiu-jitsu Txapelketa jokatuko da Kanaria Handiko Las Palmas hirian. U15, U17, U20, Senior eta Beterano kategorietako borrokalari onenak elkartuko ditu Gran Canaria Arenak hartuko dituen hitzorduak, eta tartean izango dira Oinatz eta Haitz Irusta Garcia debarrak. 

Zehazki, grappling gi modalitatean eta grappling borroka-moldean jokatuko da txapelketa, eta bi anaiek euskal selekzioaren koloreak defendatuko dituzte tatami gainean. Nor bere adin-tarte eta pisu mailan lehiatuko da: Oinatz (Deba, 2008) 20 urtez azpikoen mailan arituko da, 58 kiloz azpiko kategorian; eta Haitz (Deba, 2012), berriz, 15 urtez azpikoetan, 47 kiloz azpiko kategorian.

Oinatzentzat ez da Espainiako txapelketa batean parte hartzen duen lehen aldia izango. Iaz, adibidez, Albaceten emaitza nabarmenak eskuratu zituen kirolariak: zilarrezko domina bereganatu zuen grappling modalitatean eta urrezkoa, berriz, grappling gi-an. Anaia nagusiak azpimarratu duenez, aurten emaitza hori hobetzea du helburu. Haitzentzat, aldiz, esperientzia berria izango da. 

"Onenen artean"

Irustatarrek adierazi dutenez, "oso ondo prestatuta" iritsiko dira norgehiagokara. Helburua ere argi dutela azpimarratu dute: "Onenen artean sailkatzea".