Erakusketa urtarrilaren amaieran zabaldu zuten eta maiatzera arte egongo da ikusgai, taberna zabalik dagoen ordutegian. Erakusketak, hain zuzen, Haitz-Haundik antolatzen duen pintura ikastaroan parte hartzen duten ikasleen lanak biltzen ditu.
Guztira, 2025-2026ko ikasturteko hamahiru ikasleren hamalau artelan jarri dituzte ikusgai. Gehienak olio pinturak dira –hamabi, zehazki–; horiez gain, akrilikoan egindako lan bat eta pastelean landutako beste bat ere badaude. Interesa duenak horiek erosteko aukera ere badu; horretarako, tabernan informazio-orriak utzi dituzte, artelanen egileen izenekin, lanen xehetasunekin eta harremanetarako telefono zenbakiarekin.
Hainbat erraztasun
Erakusketa egiteko leku berria aukeratu izanaren arrazoia ere azaldu du elkarteko kide Miren Esnalek: "Hormak hutsik ikusi genituen, eta, guk hainbeste koadro izanda, aukera ona iruditu zitzaigun". Gainera, tabernako arduradunek erakusketa egiteko hainbat erraztasun eman dizkietela eta inolako trabarik ez dietela jarri azpimarratu du. "Oso eskertuta gaude Arbileko kideek eman diguten aukeragatik".