NA eta pasaportea berritzeko bi hitzordu izango dira martxoan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 18a

Zerbitzua martxoaren 2an eta 30ean emango dute Deban. Gogorarazi dutenez, bai hilaren 2rako bai 30erako, aldez aurretik izena eman beharko da. 

Debako Udalak aurrez jakinarazi zuen bezala, martxotik aurrera Polizia Nazionalaren Dokumentazio Mugikorreko bulegoa hilero egongo da Deban, Foruen plazan. Hasieran, Nortasun Agiria eta pasaportea berritzeko hurrengo data hilaren 2an izango zela iragarri zuten; orain, ordea, bigarren data bat gehitu dutela adierazi dute. "Orain, berriro ere, martxoaren 30erako hitzorduak eskaintzen dira, debarrei Nortasun Agiria eta pasaportea bezalako dokumentu funtsezkoak modu errazagoan izapidetzeko". 

Gogorarazi dutenez, bai hilaren 2rako bai 30erako, aldez aurretik izena eman beharko da. Egun bakoitzean 34 hitzordu jarriko dituzte eskuragarri; txandak 09:30etik 13:00etara emango dituzte.

Aurrez aurre edo telefonoz

Interesa dutenek Udaleko Herritarren Arretarako Bulegoan edo 943 19 28 40ra deituta egin dezakete eskaera. "Ez da onartuko WhatsApp bidezko eskaerarik, ezta ofizialak ez diren beste kanal batzuetakorik ere". 

Bestalde, Udalak jakinarazi du balitekeela datozen hilabeteetako hitzorduetan aldaketak izatea; "dagokion momentuan emango du data horien berri". 

Beharrezko dokumentazioa

Izapideak egiteko, ohiko dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori aldatu egiten da izapidearen arabera (berritu ala lehen aldiz egin). Kasu guztietan (lapurreta edo galeran ez ezik) ezinbestekoa da argazki bat eramatea, eta adingabeak badira, guraso batez lagunduta joatea. 

Edonola ere, kasu bakoitzean eman beharreko dokumentazioaren informazioa eskuragarri dago HEMEN