Doluari buruzko solasaldia egingo dute bihar Arbil Elkarte Sozialean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 18a

Bihar (otsailak 19) doluari eta galeraren bizipenei buruzko hitzaldia emango dute Arbil Elkarte Sozialean; 11:00etan hasiko da Bizitzaz haratago zaintzea izenburua duen saioa. Interesa duen herritar orori irekita dago hitzordua.

Arbil Elkarte Sozialeko kideek antolatu dute ekimena, "galera egoeretan eta bizitzaren amaierako zaintzan esperientzia handia duten" Debabarreneko ESIko osasun arloko profesionalekin elkarlanean. Azpimarratu dutenez, saioaren helburua da errealitate horren inguruan hausnartzea eta elkarri babesa eskaintzeko espazio seguru bat eratzea. "Bertan, doluarekin lotutako emozio ohikoei —tristura, hutsunea, beldurra edo erruduntasuna— izena jartzen lagunduko da, eta sentimendu horiek normalizatzeko tresnak eskainiko dira, askotan adierazteko zailak direna arren". 

Antolatzaileen esanetan, "ezinbestekoa" da doluaz hitz egiteko espazioak sortzea, modu naturalean, errespetuz eta elkarrekin, horri buruz hitz egiteko. "Izan ere, pertsona guztiok bizi izan dugu edo biziko dugu galeraren bat. Doluak askotan isilean bizi da, barrura begira, hitzik aurkitu gabe edo bakardadean". 

Saioan, gainera, azaldu nahi dute doluaz hitz egitea, "ez dela mina elikatzea, baizik eta aitortzea, ulertzea eta prozesua modua osasungarriagoan bizitzen ikastea". Gogorarazi dutenez, bizipen bakoitza bakarra da, "pertsona bakoitzak bere erritmoa eta modua dituelako; ez dago errezeta bakarrik". Hala ere, informazioa jasotzea, zalantzak partekatzea eta beste pertsona batzuen esperientziak entzutea lagungarria izan daitekeela uste dute antolatzaileek, "errua, beldurra edo isolamendua" arintzen lagundu dezakeelako. 

Antolatzaileek gaian interesa duen herritar guztiak gonbidatu dituzte bertaratzera. "Hitzaldi hau dolua bizi izan dutenentzat ez ezik, beste pertsona batzuk laguntzen dituztenentzat edo etorkizunera begira zaintzari buruz gehiago ikasi nahi dutenentzat ere pentsatuta dago. Osakidetzako profesionalen parte-hartzeak ikuspegi profesionala ez ezik, hurbila eta gizatiarra ere eskaintzen du, eguneroko zaintzan oinarrituta".