10. urteurren festa antolatzeko bilera irekia antolatu du Debasketek

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 18a

Ideiak bildu eta egitaraua osatzen hasteko, bilera irekia deitu dute ostiralerako (otsailak 20); 18:30ean izango da hitzordua, Itsasbegi elkartean.

Aurten hamarkada bat beteko da Debasket saskibaloi kluba sortu zenetik, eta data berezi hori behar bezala ospatzeko prestaketa lanetan murgilduta dabiltza jada zuzendaritza batzordeko kideak. Ospakizun nagusia irailaren 5ean egingo dute, baina aurreko asteetan ere hainbat jarduera prestatzea aurreikusi dute. 

Aurreratu dutenez, hainbat gai izango dituzte mahai gainean etzi (otsailak 20) Itsasbegi elkartean egingo duten saioan. Besteak beste, 10. urteurrenaren testuingurua eta helburuak aztertuko dituzte, ospakizunak zer norabide izan behar duen adosteko. Ideiak behar dituztela ere azpimarratu dute antolatzaileek, eta horregatik ideia zaparrada saio bat egiteko asmoa agertu dute: “Jasotako proposamenak partekatu eta ideia berriak gehituko ditugu”, adierazi dute.

Horrekin batera, interesen arabera banatutako lan taldeak ere eratuko dituzte. "Talde bakoitzak ekintza bat edo gehiago antolatzeko ardura hartuko du", zehaztu dute.

Boluntarioen beharra

Antolaketa lanak aurrera eramateko boluntarioak beharko dituztela ere jakinarazi dute. Parte hartu nahi dutenak izena ematera animatu dituzte: “Boluntario moduan parte hartu nahi baduzu, bidali zure izena eta dagokion lan taldera gehituko zaitugu”.

Horrez gain, bileraren baitan hurrengo hitzorduen egutegia zehazten hasiko dira, guztien artean "egutegi bateratu eta koherentea" osatzeko.

Kirol klubak herritarren inplikazioa bilatu nahi du, ospakizuna ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin; horregatik, urteurrenaren prestaketan lagundu nahi duten herritar guztiei etziko bilerara bertaratzeko gonbita egin diete.