Etzi, otsailak 21, Itzal(iko) bagina aurkeztuko dute, 18:00etan. Lokatz Loreak sormen taldeko kide Araitz Katarainek, Izaro Bilbaok eta Janire Arrizabalagak ondutako lana da, Iraitz Lizarragak zuzendua eta Lankuk ekoiztua. Bertsoa oinarri izan arren, bertso-mundutik harago doazen auziei erantzuna eman nahi die ikuskizunak: generoa, osasun mentala, familia, meritokrazia... Bada, "egungo jendarte indibidualistari kritika" egiteko asmoa du obrak, "kolektiboaren aldarrian". Itzalek leku garrantzitsua hartuko dute ikuskizunean.
Musika eta jolasa uztartuz
Igandean, berriz, 17:30ean, 3-12 urte bitartekoei zuzendutako Txuri beltza da ta... emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, Xabier Lizaso (Orio, 1965) piano-jotzailearen eskutik. Dena den, antolatzaileek azaldu dutenez, saioan haurrak eta musika izango dira protagonista, eta ez pianista. "Haurrek musika eta pianoa bera oso modu dibertigarri eta didaktikoan aurkituko dute; jolasaren bidez iritsiko dira musikara", laburbildu dute.