'Elektrizitatea' elkarrekin abesteko deia zabaldu du Iturrian abesbatzak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 25a

Martxoaren 8aren harira, herriko emakumeen ahotsak bateratzeko deia egin du Iturrian taldeak. Helburua argia da: ahalik eta emakume gehien biltzea Plaza Zaharrean, Zea Maysen Elektrizitatea elkarrekin abesteko. Entsegu irekia egingo dute igandean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekitaldia martxoaren 8an, eguerdi partean, izango da, nahiz eta ordutegia oraindik zehazteke dagoen. Eta, hitzordua behar bezala prestatzeko, aurretiaz entsegu irekia antolatu dute: igandean izango da, martxoaren 1ean, 18:00etan, musika eskolan.

Esperientzia bizitzeko deia

Iturrian abesbatzak sarri interpretatu du Elektrizitatea, baina oraingoan urrats bat harago joan nahi izan du, herriko emakume guztiei gonbita luzatuz. Amaia Zinkunegi zuzendariak azaldu duenez, Soraluzen antzeko ekimen baten berri izan ondoren sortu zen ideia: "Taldekide batek proposatu zidan eta ederra izango litzatekeela iruditu zitzaidan; izan ere, lehenagotik ere bagenuen halako zerbait egiteko gogoa".

Erantsi duenez, "ederra izango da emakume talde handi baten barruan sentitzea eta elkarrekin kantatzea; utzi lotsak alde batera eta etorri esperientzia bizitzera".