Itsaspeko munduaren edertasuna erakutsiko du CIMASUBek martxoan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 2a

Hamasei film labur eta bost dokumental proiektatuko dituzte, martxoaren 5ean, 12an eta 26an, Kultur Elkartean.

Debako Kultur Elkartea Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren (CIMASUB) ohiko geldialdi finkoetako bat izan da urtero, eta aurten ere hala izango dela jakinarazi dute jaialdia antolatzen duten Real Sociedad Itsaspekoak urpekarien taldeko kideek. Martxoaren 5etik 26era ozeanoen edertasuna esploratzeko eta bertako sekretuak ezagutzeko aukera paregabea izango da bertan.

Jaialdi ibiltariak 27. aldia ospatzen du aurten, eta, Egia zure begien aurrean lelopean, martxoan hiru proiekzio eta jarduera bereziak ekarriko ditu herrira, itsas hondoa ezagutarazteko eta itsasoarekiko errespetua transmititzeko asmoz.

Emanaldi nagusiak Kultur Elkartean izango dira, 18:30ean, doako sarrerarekin. Zikloa martxoaren 5ean abiatuko da, Brontzezko Saioarekin; martxoaren 12an izango du jarraipena, Zilarrezko Saioarekin; eta martxoaren 26an iritsiko da amaierara, Urrezko Saioarekin. Guztira, nazioarteko hamasei film labur eta bost dokumental emango dituzte; hain zuzen, itsaspeko biodibertsitatea, klima aldaketa, plastikoen kutsadura, espezie mehatxatuen egoera eta halako gaiak jorratuko dituzte.

Adin guztientzako eskaintza

Egitaraua ez da publiko orokorrera mugatuko. Hilaren 12an, 10:00etan, Itsaspeko Txikizikloa egingo da Kultur Elkartean, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Horrez gain, hilaren 5ean, Itsaspeko Adinzikloa izango da Eguneko Zentroan, adinekoei eta haien familiei eskainitako saio bereziarekin.