Azaldu duenez, bide horiek garrantzi handia dute udalerriko hainbat guneren arteko lotunean, baina kaltetuta daude gaur egun, pitzadurekin eta hondoratutako guneekin, eta horrek zirkulazioa zailtzen du eremuan. Beraz, segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko esku-hartze integrala egingo dutela iragarri dute.
Lanek bi helburu nagusi izango dituzte: batetik, N-634 errepidea eta hilerri berria lotzen dituen tartearen zabalera handitzea, ahal den neurrian, ibilgailuen gurutzaketak seguruagoak izan daitezen; bestetik, hilerritik Etxeberri baserriraino doan zatia konpontzea, bertako bide kaltetuenak eta hondoratuak kenduz eta zoladuraren iraunkortasuna eta funtzionaltasuna bermatuz.
Egin beharreko lanen artean daude, besteak beste, bidea garbitzea, eraispenak eta hondeaketak egitea, hormigoiaz eta betelanez arduratzea, asfaltatzea eta pintura-lanak gauzatzea.
84.766,52 euroko aurrekontua
Lan horien aurrekontu osoa 84.766,52 eurokoa izango da eta lanak egiteko epea, berriz, 30 egun naturalekoa. Proposamenak martxoaren 10era arte aurkez daitezke, Eusko Jaurlaritzaren kontratazio profilaren bidez, Debako Udaleko erregistro elektronikoan edota aurrez aurre Portu kaleko udal bulegoetan.